GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Sega Desafioa

Lapazaran-Lizaso atera dira garaile

Irabazleek 4.855,5 kilo belar moztu zituzten, eta Ormaetxea-Goikoetxeak, berriz, 4.714,5 kilorekin konformatu behar izan zuten

Jon LEUNDA | ZIZURKIL

Lapazaranek eta Lizasok irabazi zuten, atzo Zizurkilen jokatu zen sega desafioa. Ordubetez lanean aritu ostean, 4.855,5 belar kilo moztu zituzten, eta beren aurkariek, Ormaetxeak eta Goikoetxeak, berriz, 4.714,5 kilo belar jaso zituzten.

Info 7 irratiaren aldeko jaialdia zen hori, eta 400 ikusle inguru bertaratu ziren saioa ikustera. Belarra eta belardia, berriz, aitzakiarik gabekoak; eguraldia ere primerakoa izan zen.

Txanda libreko saioa zen atzokoa, eta segalariak nahi zutenean zuten txandatzeko tartea, nahiz eta gehienetan mailaren erdian ematen zioten txanda elkarri. Lanerako, aldiz, ordubete zuten, eta irabazlea, tarte horretan kilorik gehien ebaki zuena, kasu honetan Lapazaran eta Lizaso izan ziren.

Ikusmina handia sortu zuen desafioak. Alde batetik, Jon Lapazaran zegoen, egungo Euskal Herriko txapelduna, eta esana zuen, gainera, atzokoa eta gero utzi egingo zuela; beraz, bera lanean ikusteko azkeneko aukera zen. Berarekin batera aritu zen segalaria ere, Lizaso, alegia, ikusi nahi zuen jendeak, orain dela bi hamarkada pasa aritu baitzen lehian, eta oraingo gazte gehienek ez zuten lehian ikusi.

Saio bizi-bizia

Beste bikoan, berriz, aurtengo Euskal Herriko Txapelketako bigarrena eta iazko txapelduna ziren. Gainera, aurtengo denboraldiko azkeneko saioa ere bazen. Arrazoi asko zeuden, beraz jendea joateko, eta sarrera itxurosoa izan zen. Bertaratu zirenek ez zuten izan damutzeko betarik, ikuskizuna ederra izan baitzen. Mailetan gauzak estu samar joan ziren, bi bikoak ongi aritu baitziren. Agian, Ormaetxea eta Goikoetxea, kanpotik, behintzat, horrela ematen zuen, lehen ordu erdian, amaierakoan baino hobeto aritu ziren.

Lapazaran eta Lizaso ere ederki aritu ziren. Bizkaitarrak eraman zuen bikoaren zama. Lizasok, berriz, behetik gora egin zuen, eta orokorrean lan bikaina egin baldin bazuen ere, amaieran sekulako itxura eman zuen.

Belarra ere behe-behetik moztu zuten bi bikoek, eta epaileek ez zuten inor zigortu beharrik izan. Ordubeteko lanak amaitu ostean, biltzaileen txanda geratzen zen. Horiek ere lana gogotik egin behar izan zuten, segalariek erritmo oso gogorra jarri baitzuten. Hala ere, belar guztiak denboraren barruan batu ziren, eta amaieran garaipena Lapazaranen eta Lizasorentzako izan zen.

Amaieran Lizaso oso gustura zegoen irabazi baitzuen: «Oso gustura nago. Aspaldian honelako saiorik egin gabe nengoen, baina gauzak ongi atera zaizkigu».

Ez zuela prestakuntza berezirik esan zuen: «Lapazaranek eta biok dozena bat saio egin ditugu elkarrekin. Ez zen erraza, eguraldiak ere ez baitu gehiegi lagundu. Gero, mendian eta beti ibiltzen naiz, eta neure burua ongi ikusi dut», adierazi zuen.

Lapazaranentzat ere hitz onak izan zituen: «Lapazaranek lan ederra egin du. Bera txapelduna da, eta bere ondoan gustura aritu naiz, ongi konpondu gara», aitortu zuen.

Jon Lapazaran ere ez zegoen haserre. Izan ere, urte ezin hobea izan baitu. Bizkaiko eta Euskal Herriko txapelak irabazi ditu, eta atzo, berriz, desafio hau ere berak irabazi zuen, agurtzeko erarik onena izan du. «Ahalegin guztiak egin ditugu saioa irabazteko, eta azkenean ongi atera zaigu», aitortu zuen.

Binakako saio hauek ikusgarriak direla, baina kirolarientzat gogorrak ere badirela onartu zuen: «Ikusteko oso polita da, bizi-bizi egiten baitira lanak, baina kirolarientzat oso gogorra egiten da, ez baitugu ezertarako tarterik izaten, eta jartzen den erritmoa oso gogorra izaten baita», esan zuen.

Azkenik, berak ere hitz onak izan zituen Lizasorentzat: «Oraindik segan ederki egiten du. Oso saio ona egin du, eta ederki moldatu gara. Lana ongi egin dugu, eta azkenean emaitza ere horrelakoa jaso dugu». Hau esanda bukatu zuen agurra.

J.L.

Irabazleak: «Ongi konpondu gara»
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo