Iñaki Etaio, Alaitz Amundarain eta Ruben S. Bakaikoa Askapeneko kideak
Che: egun baterako izen bat?
Mundu osoan zehar mugimendu internazionalistaren eginbeharretako bat Cheren figura hedatzea da, urteurrenak alde batera utzita
Hilaren 9an, Washingtondik zetozen aginduak bete eta gehiegi edana zegoen «soldadutxo bolibiar» harrotu batek Che hil zuela berrogei urte bete ziren.
Gerrillari heroiko hori borrokan erori zelako beste urtemuga bat joan denean, bera gogoratzea paradoxa da eta kontraesana ere bai, bere urteurrena ez den egunetan bigarren plano batean utziz gero behintzat, eta areago zuzen-zuzenean ahazten badugu. Bere oroitzapena, data jakin batera mugatzea litzateke. Che benetan miresten eta errespetatzen duen batek ezin dezake hori egin. Cheren irudia kamiseta batean jantzi eta beraren inguruan bi minututik gora hitz egiteko gai ez izatea bezain faltsua.
Hala eta guztiz ere, eta «urteurrena» baliatuta, ez dago beste behin ere Cheren borroka eta eredua aldarrikatzeko egun desegokirik.
Pertsonaia historiko gutxiren inguruan idatzi da Ernesto Guevararen inguruan adinako artikulu, saiakera eta liburu. Eta hala ere, ziurtasun osoz, gizon horren eredua eta borroka etengabe aldarrikatzea ezinbestekoa da. Izan ere, etengabe irauten duena, berak gogor kontra egin zion sistema bidegabe hori bera da; etenik ez du izan esplotazioak, etenik ez menperatzeak, miseriak, torturak, bonbardaketa inperialista batek eragindako heriotzek, edo ur edangarria ez izateagatik hiltzen direnek. Bai, orain dela berrogei urte Che akabatu zuen sistema bera da, beste Che batzuen beharra etengabe eskatzen duena, beste emakume eta gizon berriena -edo berritze prozesuan ari direnak behintzat-. Horrelako borrokalarien etengabeko beharrak bere heriotza bakarrik fisikoa izatea eragin du gaur arte, eta hala izango da bihar ere bai.
Cherengandik eredua geratzen zaigu. Soiltasunaren eredua, berdintasunarena, zentzuarena, umiltasunarena, gainditzearena, duintasunarena, borondatearena, pertsonenganako eta herrienganako maitasunarena. Cheren eredu internazionalista ere hor dago, herrien arteko elkartasunean erreferente bihurtzera eraman duena. Jakin bazekien Chek, herrien borroka bateratua eta koordinatua dela inperialismoaren aurka egiteko bide bakarra, inperialismoa herri ororen etsaia baita, eta era zuzenean, ala tokian tokiko aberri-saltzaile krudelen bitartez, menperatzen baikaitu.
Askok, Latinoamerikako diktaduren garai haiek bestelakoak zirela arrazoituko dute, eta orain garaiak aldatu direla. Azken urteetan Latinoamerikan itxaropen eta erreferentzi bihurtu den prozesu bolibarianoak XXI. mendeko sozialismorantz egin du bide berria, askorentzat borroka gerrilleroaren amaiera ekar dezake. Halere, ezin daiteke baztertu herriak gerrilla moduan erantzuteko arrazoiek, oraindik ia herri guztietan, bere horretan jarraitzen dutela.
Cheren gerrilla Boliviako lurretan ari zelarik, herriek askapena lor dezaten, internazionalismoa ezinbestekoa den kontzientzia aski garbi islatuta geratu zen 1965ean argitaratutako artikulu batean: «bi, hiru Vietnam» sortzeko beharra nabarmentzen zuenean -gaur egun Irak edo inperialismoaren aurka borrokan ari den munduko edozein txoko izan daitekeen bezala-.
Agian Cheren ondarerik esanguratsuena internazionalismoa lehenengo pertsonan praktikan jarri izana izan daiteke, bera jaio ez zen herri baten askapenean borrokan jardutea, bere familia eta Kuba iraultzailea atzean utzi eta beste herri baten askapenerako borrokan ari zela hiltzea, herri guztiak «Aberri Handia» baino harago doan herri bakar baten zati direla jakitun izanik.
Borrokan ari diren herriekiko elkartasunak orain dela berrogei urte zuen zentzu bera du egun. Areago orain akaso, globalizazioa deritzon fenomenoaren aurka bizirauteko tresna nahikorik ez duten herriek, gurea kasu, estatu espantsionisten barne «eskualde» huts bihurtu daitezkeenean, hondar folkloriko batzuekin, baina hori bai, beren herritarrek beren buruari «munduko herritar» deitzeko eskubidearekin (betiere izendapen honek konstituzioz osatutako Estatuaren mugak ez baditu urratzen).
Cheren figura hilezkorra, egoera eta bizipen jakin batzuek moldatutako eta definitutako ezaugarri pertsonal batzuen emaitza da. Bere barne-ezaugarri harrigarrien gainean pilatutako zirkunstantzien ondorioz, Che irabazle atera zen gerra iraultzaile batetik eta hainbat ardura ere bete zituen, hala nola ministroarena. Kongon eta Bolivian misio internazionalistak aurrera eraman zituen, bere printzipioak eta eginbeharraren ardurak hara zuzenduta. Koherentzia eredu miresgarria ezbairik gabe.
Chez gain, ezin dugu munduko edozein bazterretan eta edozeinen aurka jazotzen den injustizia barnean sentitu eta beraien bizitza eman duten eta ematen ari diren borrokalari internazionalistak gogora ekarri gabe artikulua bukatu. Izan ere, Cherekin batera beste iraultzaile batzuk borrokan jardun eta beren bizia eman zuten. Herrien askapena, justizia eta berdintasunaren ideiak defendatzen garai historiko ezberdinetan eta bazter guztietan aritu diren borrokalariak ere, ezezagunak gehienontzat, ezagutzea eta omentzea nahitaezkoa da. Haiek guztiak, mehatxupean, jazarrita eta difamatuta, sasian edo kartzeletan, beste mundu baten aldeko sakrifizioaren abangoardia izan dira eta dira. Gaur eta hemen Che potentzialak badira eta, egoera kontrola ezinak aparte, emakume eta gizon berri horien gaitasunen garapena herriak Chek gorpuztutako balore guztien barneratze horretan dagoela.
Mundu osoan mugimendu internazionalistaren eginbeharretako bat Cheren figura hedatzea da, urteurrenak alde batera utzita. Chek egindako eguneroko lanarekin, haren eredu, printzipio eta ideiekin, Che potentzialak garatzea gizon hori etengabe gogoratzeko modu bat da. Inoiz ahaztu gabe bakoitzaren herriaren eta munduko beste herrien askapen borroka formazio eskolarik hoberena dela.