Ostiralean, egutegi propioa xede, intsumisiorako deia egin du IAk
Euskal Herriak bere egutegi propioa izateko eskubidea eta beharra duela argudiatuz, datorren ostiralean, urriaren 12an, jarrera «intsumituak» zabaltzeko deia egin dio Ikasle Abertzaleak mugimenduak euskal ikasleriari. Horretarako gainera, heziguneak normaltasunez ireki edota herri eskolak antolatzeko gonbita egin du. Era berean, EAEko Hezkuntza sailatik edota hainbat ikastetxeetako zuzendaritzetatik ezarritako trabak gogor salatu ditu IAk.
Oihana LLORENTE |
Datorren ostiralean, urriaren 12an, euskal ikasleriak «ezer ospatzeko ez» duela ulertuta, heziguneak normaltasunez zabaltzeko eta herri eskolak antolatzeko deia egin du Ikasle Abertzaleak (IAk) ikasle mugimenduak.
Estatu espainol eta frantsesak «inposatutako» egutegi antolaketaren aurrean, euskal egutegiaren aldeko aldarria zabaldu behar dela deritzo IAk. Gainera, Euskal Herriak bere kultura, hizkuntza eta ohitura propiak dituenez haren jai egutegi propioa izateko eskubidea eta beharra duela nabarmendu zuen ikasle mugimenduak Donostian egindako agerraldian.
Egutegi propioaren aldeko borrokan, euskal ikasleriak izandako «aitzindaritza» nabarmendu zuten. Bertako bozeramaile Gorka Zozaiak adierazi bezala, badira hamaika urte herri eskolen afera abiatu zenetik eta haren esanetan, urtez urte «emaitza hobeagoak» eskuratu ditu ekimen honek.
Ikasleriaren «garaipena»
Era berean, azken ikasturteetan urriak 12an -Hispanitate eguna-, edota abenduak 6ean -Konstituzio espainolaren eguna-, hainbat ikastetxe eta fakultate modu ofizialean eta normaltasunez ireki izana ikasle mugimenduaren «garaipen» gisa jo zuen Zozaiak.
Zentzu honetan, herri eskoletaz haratago, «jai egun arrotzak» klase egun izendatuak izan daitezen ikasle mugimenduaren eskutik egindako saiakera ere aipagai izan zuen IAko eledunak. Hezigune ugaritako erabaki organo gorenetan ikasleek euren eskaera bideratu dutela azaldu zuen.
Alabaina, Lakuako Hezkuntza sailaren jarrera gogor kritikatu zuen IAko kideak. Haren aburuz, «herritarrei hitza emateaz solasten duten horiek dira Madrilen morroi zintzoenak, halako egunak ospatuaraziz». Era berean, hainbat zuzendarik ekimen honen aurrean izandako «jokaera guztiz antidemokratiko eta autoritario» salatu zituen.
Horiek hala, datorren ostiralean, heldu den azaroaren 11an -frantziar armistizio eguna- eta abenduaren 6an, «inposaketa espainolista eta frantsesaren aurrean» jarrera intsumituak zabaltzeko deia egin du IAk.
Hispanitate egun gisa Estatu espainolean ezaguna den egunean, urriaren 12ean, «España nación» lelopean faxistek Donostian egin asmo duten mobilizazioari aurre egiteko antolatutako jaialdiak atxikimenduak biltzen diardu. EHGAM, Bilgune Feminista, Askatasuna, Indar Gorri, Iratzarri, Ekimen Komunista, Segi, Askatasuna, LAB, Ikasle Abertzaleak, Batasuna, EAE-ANV, Piratak, Sare Antifaxista eta Donostialdeko hamaika gazte asanbladek osatzen dute babesleen zerrenda luzea.
«Herri bat garelako faxistak Euskal Herritik kanpora» lelopean antolatutako jaialdia arratsaldeko 15.00tan abiatuko da Donostiako Bulebarrean eta herritar orori bertara hurbiltzeko deia egin diote antolatzaileek. Haien esanetan, ekitaldian «faxismoaren aurka eta Euskal Herriaren alde» egingo da.
Ekimenaren xedea faxistak Euskal Herrian «ongietorriak ez direla» azaltzeaz gainera, Euskal Herriaren «aitortzaren, lurraldetasunaren eta erabakitze eskubidearen alde» egitea da. Baina horiek ez dira jaialdian present izango diren aldarrikapen bakarrak, justizia soziala,emakume eta gizonen arteko parekidetasuna edota etorkinen eskubideak ere defendatuko dira ostiralean Donostian.
GARA