GARA > Idatzia > Herri-kirolak

«Etxean egiten dudan lana finalean egitea izango da nire helburu nagusia»

p047_f01.jpg

Unai OTAÑO

aizkolaria

Unai Otaño izango da azkeneko urte hauetan gorakadarik handiena eman duen aizkolaria. Iaz, esaterako, Bigarren Mailako Gipuzkoako eta Euskal Herriko txapelak lortu zituen, eta aurten Lehen Mailako Gipuzkoakoa bereganatu du, eta Euskal Herrikoan ere estreinakoen artean egon nahi du.

Jon LEUNDA |

Unai Otañok lehen aldiz hartuko du parte Lehen Mailako Euskal Herriko Txapelketako finalean. Hala ere, faboritoen zerrendan agertzen da.

Zer moduz zaude finalaren atarian?

Nahiko ongi aritu naiz entrenatzen, eta gustura nago, eguna heltzeko gogoz.

Urduritasunik-eta agertu al da?

Bai, jadanik nabaritzen da. Finala jokatuko den astearen barruan gaude, eta jadanik nabaritzen da tentsio hori, egonezin hori.

Zerk kezkatzen zaitu?

Lanak batez ere, oso handia baita, eta horrek beti kezkatzen zaitu. Horretaz gain, lehen finala dut, eta eskarmentu handiko aizkolariekin arituko naiz, eta beti zalantza horiek izaten dira buruan, baina hori normala da.

Zein izango da igandeko zure helburua?

Etxeko lana egitea. Etxean egiten dudana egiten badut, uste dut ongi ibiliko naizela.

Zaleek faboritoen artean sartzen zaituzte. Zer deritzozu?

Gipuzkoako txapela irabazi nuen eta horrek jendeari konfiantza emango dio, baina uste dut bertan aizkolari handiak izango direla. Uste dut Nazabal dela faboritoa, baina besteak ere kontuan hartu beharko ditut.

Nola ikusten dituzu finaleko aurkariak?

Nazabal nola dabilen ikusi besterik ez dago; bera da faboritoa. Olasagasti ere aizkolari handia da, eta oso kontuan hartu behar da. Peñagarikanok ere eskarmentu handia dauka, eta Txapartegik eta Lopezek ere erakutsi dute maila ona. Ez dut uste gure artean alde handiegirik dagoenik.

Gipuzkoan jendea ari da zuk estreinako bietan baietz amaitu dirua jokatzen. Horrek ardurarik sortzen al dizu?

Ez, ez, jendeak jokatu dezala nahi duenaren alde, hori beraiek ikusi behar dute. Nire alde jokatu edo ez, ez nau batere arduratzen.

Gipuzkoako finalean ezuste handia eman zenuen txapela irabazita. Zuretzat ere horrela izan al zen?

Egia esan, irabaztea oso zail ikusten nuen. Hor zegoen Olasagasti eta bera jotzen nuen faborito. Ni bigarren postuaren bila joan nintzen, hura zen nire helburua, baina lan ona egin nuen eta txapela irabazi nuen.

Euskal Herriko kanporaketan hirugarren izan zinen; horrek ere eman behar dizu konfiantza, ezta?

Bai dudarik gabe, eta egun hartan lan txarra egin nuen. Gaizki ibilita hirugarren geratzen banaiz, ongi ibilita aurrean ibili naitekeela uste dut.

Igandean gertatzen dena gertatu, aurtengoa denboraldia bikaina izango da zuretzat.

Bai dudarik gabe. Lehen urtea dut Lehen Mailan, eta Gipuzkoako txapela irabazi dut, eta Euskal Herrikoan finalean naiz kanporaketan hirugarren eginda. Nire ustez, lehen urtea onenen artean izatea ongi dago, beraz, ni denboraldia beteta nago. Hori bai, Donezteben saiatuko naiz ahalik eta lanik onena egiten.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo