Eskalada Ekaitz Maiz
Arranoaren hegaldi dotorea «Begi puntuan»en
Ekaitz Maizek berak ekipatutako bidearen laugarren igoera erdietsi du irailaren 25ean. «Begi Puntuan» marrarekin, eskalatzaile etxauriarra bederatzigarren graduan sartu da.
Andoni ARABAOLAZA | ETXAURI
Etxauriko elezahar batek dioenez, Sarbil mendiaren ingurumarietan zebilen arrano beltzak sehaska batean zegoen ume bat hartu eta bere eremuan zeuden paretetara eraman zuen. Urteen poderioz, umea erdi gizaki eta erdi arrano bihurtu zen. Arina eta indartsua zen, eta pareta haietan, egungo Etxauriko hormetan, gora eta behera ibiltzen zen, dotoretasun handiz.
XXI. mendean gara, eta asko gara zalantzarik ez dugunak: erdi gizaki eta erdi arrano bilakatu zen ume hark Ekaitz Maizen antz handia du. Etxauriko eskalatzailea erabat harrapatuta dute etxe ondoan dituen hormek, bai eskalatzeari dagokionez bai ekipatzeari dagokionez; Maiz Etxauriko egungo historiaren pertsonaia esanguratsuenetarikoa da. Dozenaka eta dozenaka bide ekipatu ditu, eta horietako asko eta asko erreferentziak dira. Gainera, eskalatzaile bezala, Euskal Herriko elitean da.
Maizen azken jardun adierazgarria pasa den irailaren 25ean iritsi zen. Nafarrak Etxauriko Kale Borroka sektoreko Begi puntuan bidea egin zuen. Berak sortutako obra da. Bidea egiten laugarrena izan da; haren aurretik Patxi Usobiagak, Iker Pouk eta Iban Larrionek egin zuten. Maisulana da Begi puntuan, ederra baino ederragoa, estetikoa eta oso mugimendu onak dituena. Hori diote, bederen, bidea probatu eta kateatu duten guztiek. Oso helduleku txikiak dituen 20 metroko marra da, erori gutxiko plaka eta teknikoa. Lehen zatia 8a/a+ zailtasunekoa da eta, gero, blokeko hiru tarte daude: 7c+, 7c/c+ eta 7b. Begi puntuan bidearekin, Etxauriko arranoa 9a zailtasunean sartu da.
Begi Puntuan bidea ekipatu zenuen. Berehala ohartu zinen harribitxi baten aurrean zeundela?
Bai, marra ikusi eta erabat erakarri ninduen. Soka gainetik jarrita neukala, alde batetik bestera begira jarri nintzen, baina badakizu, magnesiorik gabe ezer gutxi ikusten da, besteak beste oso helduleku txikiak dituelako. «Ondo atera daiteke», esan nion neure buruari, eta azkenean hala izan da. Bidearen erdiraino probatu nuen eta Patxiri (Usobiaga) esan nion oso proiektu ederra neukala eta ahal zuenean proba zezala. Probatu zuen, eta, dakizun bezala, bera izan zen puntu gorria jarri ziona. Nik ere banekien goraino eskala zitekeela, banekien baita helduleku txikiegiak dituela... Izan zezakeen gradua, berriz, ez neukan oso argi.
9a zailtasuneko obra bat sortu zenuen; gainera, den-dena naturala. Hori gaur egun ez da batere ohikoa, batez ere maila goren horietan. Garrantzia emango zenion horri, ezta?
Aspalditik pureta samarra bihurtzen ari naiz; agian, nire eboluzioaren ondorioa besterik ez da izango. Ez naute batere erakartzen pikatuta zein sikatuta dauden bideak. Nahiago ditut erabat naturalak; inolako osagarri artifizialik gabe eta arroka manipulatu gabe. Ondorioz, horrela utzi nuen. 9a izatearen garrantzia? Bada, jakina, zailtasuna polita da, baina askoz ere politagoak dira bideak dituen mugimenduak. Bigarren eite horri askoz ere garrantzi handiagoa ematen diot. 9a izatearen kontua kasualitatea izan daiteke, ez nindoan horren bila, marra estetiko eta eder baten atzetik baizik.
Zuk zeuk ekipatutako harribitxi honekin bederatzigarren graduan sartu zara. Sortzailea eta egilea. Nahasketa ederra, ezta?
Motibazio gehigarria da. Zailtasun bereko bideak ezagutzen ditut, eta horietako batzuk, nahiz eta gradu gorenekoak diren, ez naute batere erakartzen. Gradua oso polita da, baina bide batzuk ez dira batere estetikoak.
Irailaren 25ean erdietsi zenuen Begi Puntuan, esan bezala zure lehenbiziko 9a. Biharamunean zurekin hitz egin nuenean laino batean zeundela sumatu nuen. Egindakoa ez zenuela sinisten zirudien. Hain harrigarria izan da esfera horretan sartzea?
Bai, erabat flipantea. Ez nuen ia sinisten, eta oinak lurrean eduki arte kateatze honen berri ez ematea eskatu nizun. Eta agindua bete duzu (kar, kar). Orain hasi naiz ohartzen egindakoaz. Kateatze egunean, goi aldeko helduleku kamutsa hartu nuen, ondo eutsi nion eta bukatu nuen; ia ez nuen sinisten. «Zer gertatzen da hemen!», esan nuen. Soka katetik pasa eta egundoko oihua bota nuen. Dardara batean jaitsi ninduten.
Niretzat jardun bikaina izan da: neure buruari jarritako goi mailako erronka zen eta, azkenean, erdietsi dut. Eskalatzaile bezala izan dezakedan erronka handienetakoa izan da.
Orain arte 8c+ graduko bide batzuk eginda zenituen. Begi Puntuan koska bat gainetik al dago?
Gehien kostatu zaidan bidea izan da. Etxe ondoan neukan, nire estilokoa da... eta, hala ere, izerdi asko bota ditut. Nik ere, aurreko hiru kateatzaileek bezala, 9a dela uste dut.
Iazko abenduan hasitako abentura da. Zer izan da arazo gehien eman dizuna?
Bide hau pausoz pauso egin behar da. Pausu horiei neurria hartu behar zaie eta, behin horiek guztiak menderatuta, askoz ere errazago egiten da eskalada. Blokeko bigarren sekzioan trabatu nintzen: helduleku alderantzikatu batetik dinamiko bat egin behar da eta hor behin eta berriz erortzen nintzen. Kateatu baino astebete lehenago, Bihotz alaiak (8c+, Etxauri) igo nuen eta Begi Puntuani saio batzuk ematea otu zitzaidan. Oso gaizki hasi nintzen, baina pixkaka-pixkaka kontrolatzen joan nintzen eta kateatu nuen.
Udazkenaren hastapenarekin lortu duzu goi mailako zure helburu hau. Gainera, aurretik pare bat 8c+ egin dituzu: aipatutako Bihotz alaiak eta Ergeltasunaren pandemia (Aizpun). Horrek ere motibazio piztuko zizun, ezta?
Aitortu behar dut oso baldintza onak izan nituela: ipar haizea eta pareta lehorra. Horretaz gain, zuk aipatu dituzun bi bide horiek epe ertainera jarritako erronkak ziren eta plus bat eman didate Begi Puntuan kateatu ahal izateko.
Orain arteko zure ibilbideko, eta ez diot soilik graduari begiratzen, kateatze garrantzitsuena izan al da? Aurretik egindako besteren bat aipatu nahi al zenuke?
Niri ibilbidea orokorki begiratuta, gehien bete nauten bideak pasa den irailean kateatutako Bihotz alaiak eta Begi puntuan izan direla nabarmenduko nuke. Lehenak 90 metro ditu eta bi ordu eta piko pasa nituen katera heltzeko. Azken bost metroak oso errazak dira eta bidea egina nuela konturatu nintzen; oso sentsazio ederra izan zen. Begi puntuan bidea, berriz, nire ibilbideko erronka zailena izan da.
Probatu zein kateatu duten guztiek gauza bera adierazi dute: Begi puntuan bikaina baino bikainagoa da. Laudoriorik baino ez dituzu jaso, eta hori ez da batere ohikoa. Ekipatzailearen ikuspuntutik, lasai asko esan dezakegu Begi Puntuan dela zure kateatze onena? Zure maisulana izan al da?
Aipatu dituzun iritziekin bat nator: Begi puntuan harribitxia da. Baina, hori bai, nire ustez ez da maisulan bakarra. Ezin dut esan ekipatu dudan bide onena dela, baina bai ederrenetarikoa.
Harrigarria bada ere, Begi puntuan kateatu duzuen eskalatzaileak euskaldunak zarete. Kanpotarrek estilo horri egundoko beldurra diotela dirudi.
Zenbaitzuk galderak egin dizkidate bideari buruz, baina oraindik ez dira hemendik azaldu. Egungo eskalatzaile onenetariko askok erori handiko bideetan eskalatzen dute soilik. Bide plakeroak ez dituzte atsegin; beldurra dietela dirudi. Gainera, estilo hau ez dago modan. Niri, aldiz, denetarik gustatzen zait: plakak, erori handikoak... Berdin dit. Hori bai, hurrengoaz ohartu naiz: kanpoan zenbat eta gehiago eskalatu, are eta gehiago estimatzen ditut etxeko bideak.
Oker ez banago, 8c graduko lehenbiziko bidea egin zenuenean elkarrizketatu zintudan lehen aldiz. Oso urte gutxiren buruan, 9a-ra egin duzu salto. Nola azalduko zeniguke eginiko ibilbidea?
Dena ematen saiatzen naiz, eta, hori indartu ahal izateko, oso garrantzitsuak dira niretzat motibazioa eta ondoan ditudan lagunak. 9a zailtasunera iritsi naiz, eta uste dut berdin jarraituko dudala: erronkak jartzen, motibatzen... Egundoko gogoak ditut! Egia esan, ez naiz izan dudan eboluzioaz harritzen. Ez diozu gradu honi edo besteari soilik begiratu behar. Probatzen zoaz, eta, beste koska bat erdiesten duzunean, hurrengo urratsean sartzen zara. Agian, egun, ez naiz Il domani (9a, Baltzola) bezalako bide bat egiteko gai. Nire estilokoa bada eta motibatuta banago... aurrera eta den-dena ematera!
27 urterekin 9a graduan sartu zara. Nola ikusten duzu zure etorkizuna?
Poliki-poliki noa, inolako presarik gabe. Ez dut uste ezer berezirik egingo dudanik. Lehen bezala, lehentasuna erronkak betetzen joatea izango da. Hor ditut, besteak beste, Kapitalismoaren txerriak (8c+) eta Kidetasunaren balio erantsia bideak (ez daki azken horrek ze zailtasun duen). Ea Iban eta Kara bezalako lagunak ondoan ditudan, motibazio behar dut-eta!
Aipatu dugun esfera horretara sartzeaz gain, egungo Euskal Herriko ekipatzailerik emankorrena zara. Hemengo goi mailako eskalatzaile gehienek ez bezala, zuk primeran uztartzen dituzu eskalada eta bideak sortzea. Zer garrantzia ematen diozu horri?
Norberaren hautua eta filosofia da. Nik, adibidez, ezin dut eskalatzera joan ekipatu gabe. Eskola batera joaten naizenean edo pareta berri bat begiratzen dudanean, jarraian balizko marrak aztertzen ditut. Beste eskalatzaile batzuk zenbaki eta letretan murgiltzen dira soilik; beraiek jakingo dute. Nik, bederen, eskalada eta ekipatze lanak ezin ditut banatu; elkarrekin doaz. Bestela, niretzat ez luke inolako zentzurik izango.