GARA > Idatzia > Mendia

Alpinismoa Alpinista historiko baten heriotza

Rene Desmaison handiaren adioa

Alpinista, mendi gidari, idazle eta zinemagile frantziarra 77 urte zituela hil da, Marseillan. Alpeetan, Andeetan zein Himalaian oso ibilbide oparoa izan zuen.

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Alpinista historikoaren heriotzaren berri pasa den irailaren bukaeran izan genuen. Marseillako Timone erietxean zegoen, eta eguerdiko hamabiak eta laurdenean Rene Desmaisonen bihotza betiko geratu zen. «Mendiak niretzat abentura soilik adierazten du». 50 urte baino gehiagoko abentura izan da Desmaisonentzat. Abentura asko bizi izan ditu alpinista frantziarrak, eta mendian erdietsitako emaitzak bete-beteak zein oparoak izan dira. Baina abentura gogor haiek ez ziren soilik bere jarduera eremuan geratu, beste abentura mota batzuetara eraman zuen. Bai, alpinista izateaz gain, idazle eta zinemagile izan zen.

1930. urtean jaio zen Perigord herrian eta, oso gazte zela, Alpeetako Briancon herriaren sareetan erori zen. Horren errua soldaduskak izan zuen; izan ere, Brianconera eraman zuen. Erakusleihoa oso erakargarria eta zabala zenez, Desmaisonek ez zuen minutu bat bera ere galdu eta oso jarduera bikainetan murgiltzen hasi zen. Oisanseko gailurrekin izaniko lehen hartu-emanak erabakigarriak izan ziren. Gogor hasi zen eta, bederatzi urteko eskaladen ondoren, goi mendiko gidari eta Chamonixeko Alpinismoko Eskola Nazionaleko irakasle egin zen. Garai haietan, 1960. urtean, urrats handia egin zuen: Olan mendiaren iparreko aurpegiaren neguko lehen igoera egin zuen. Segituan neguko alpinismoaren aitzindarietako bat bihurtu zen.

Abentura zuen maite, eta abentura handiagoetara salto egin zuen. Frantziar espedizio batekin bitan saiatu zen Jannu mendia igotzen (garai haietan eskalaezina zen). 62ko apirilaren 27an, zazpimilakoaren gailurra jo zuen, eta handik, 16 milimetroko kamera batekin, Himalaiako harribitxi haren lehen irudiak ekarri zituen. Urte bat geroago, pareta entzutetsu zein gogor batean, Druren mendebaldeko isurialdean, bakarka jardutea erabaki zuen. Borroka hari esker, lehen igoera egin zuen estilo horretan.

Andeetan ere ezin hobe

1966. urtea ez zen batere ona Desmaisonentzat; ezta gutxiagorik ere. Oso polemika gogorraren erdian egon zen. Heinz Ramish eta Hermann Schridel alemaniarrak Petit Druren mendebaldeko aurpegian ez gora ez behera geratu ziren. Salbamendu lanak martxan jarri zituzten. Hil berri den alpinista historikoak mendi gidarien elkarteko aginduei muzin egin zien; goitik salbatu ordez, beste sokakide batekin Magnone klasikotik eskalatu eta bi alemaniarrak bizirik atera zituen. Nahiz eta emaitza ona izan, Desmaisonek egundoko kritikak jaso zituen; haren kideek traidoretzat jo zuten. Kritika haiek ez zituen onartu eta gidarien elkartea utzi egin zuen.

Egoera horrek burumakur utzi ordez, dena ematen jarraitu zuen. Hurrengo urteetan, besteak beste, Grandes Jorasseseko iparreko aurpegia neguan lau aldiz igo zuen. Horietako eskalada batean, 1971ko otsailekoan, bere kide Serge Gousseault hil egin zen, 80 metro besterik ez zitzaizkienean geratzen gailurra egiteko. Kolpe gogorra izan zen, baina, berriro ere, beste jarduera bikain batekin buelta eman zion egoerari. 1972a zen, Desmaisonek Peuterey ertz osoa lehen aldiz eskalatu zuenean; Alpeetako ertzik luzeena. Mont Blanceko tontorrera, beraz, bakarrik iritsi zen; gainera, oso ekaitz gogor baten erdian. Gousseault zenaren omenez, urte bat geroago, harekin hasitako lana bukatu zuen; beste behin neguan. Eskalada hartan Giorgio Bertone eta Michel Claret izan zituen sokakide.

Bestalde, Andeetan eginikoa ere letra larriekin idatzi behar da. 73an, adibidez, Huandoyren hegoaldeko aurpegiaren lehen igoera egin zuen, garai haietan 5.000 metrotik gorako mendi batean egiten zen eskalada zailena. 15 espediziotik gora egin zituen Andeetara, eta gaur egun horietako batzuek erreferentzia izaten jarraitzen dute.

Adituen arabera, Desmaisonek mendiari emandakoa erabat oparoa eta bikaina izan da: Alpeetan, Andeetan zein Himalaian 114 lehen igoera egin zituen. Den-denak goi mailakoak zein zailtasun handikoak eta, ez dezagun ahaztu horietako asko neguko lehen eskaladak izan zirela.

Alpinista, mendi gidaria... eta idazlea zein zinemagilea. Frantziarrak utzitako obrak ez dira gutxi izan. «La montagne a mains nues» izan zuen lehen liburua eta, haren ondoren, besteak beste, «342 dans les Grandes Jorasses» eta «Les grimpeurs de muraille» iritsi ziren. Kamera eskuetan zuela, berriz, «Le pilier Est du Pic de Bure», «La Fce sud au Chacraraju», «Le Pilier du Freney»... filmatu zituen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo