«Kantauri ertzean dago gizadiaren historiaren hasiera, baita hizkuntza zaharrena ere»
Valladolideko historialaria Euskal Herrira itzuli da Homo Sapiensen jatorria Kantauri itsasertzean dagoela baieztatzera. Tesi horren oinarriak laburbiltzen dituzten bi liburu berri aurkeztu ditu: «El origen cantábrico del Homo Sapiens» eta «La diáspora Basko-kantabra, la primera de la humanidad».
Maider IANTZI |
Ekainean «El verdadero origen de los baskos: la primera humanidad» lana besapean etorri zen gurera Jorge Ribero-Meneses, 39 urte zituelarik gizadiaren jatorriari buruzko tesi iraultzaile bat frogatzeko «bizi osoa» alde batera utzi zuen gizona. «Homo Sapiensek Kantauri itsaso ondoan zuten jatorria eta bertatik zabaldu ziren mundu osora», ziurtatu zuen. «Lehen teoriak ziren, baina orain erabat frogatutako gertaerak dira», gaineratu zuen.
«El Primer Diccionario Histórico-Etimológico-Geográfico-Iconográfico Universal» deritzon obraren barrenean dago liburua, atzo aurkeztu zituen bertze bi lanak bezala: «El origen cantábrico del Homo Sapiens» eta «La diáspora Basko- kantabra, la primera de la humanidad (guerra entre homínidos y hombres)». Obra horretan bere tesiarekin harremana duen guztia garatzen saiatzen da modu sistematiko eta ordenatuan. Euskal Herrian, Burgos iparraldean, Kantabrian eta Asturiasen jaio zen gizaki arrazionala, makina bat denbora ikertzen eman duen 62 urteko etnologoaren ustez. Liburu berri bakoitzean arlo batzuk lantzen ahalegintzen da: antropologia, arkeologia, erlijioa, linguistika... Bada lan guztietan azaltzen den gai bat, Euskal Herria eta euskara; Izan ere, ikerketako «tresna garrantzitsuenak» baitira.
«Euskarak eta gaztelaniak zerikusirik ez dutela ziurtatu dute. Gaztelaniak euskarazko lau hitz ditu; aspertu arte errepikatu dute ergelkeria hori. Euskara herri zaharrenaren hizkuntza bada, bertatik eratorritako kulturekin harremana izan behar du, ordea», azaldu du. Eta zera erantsi du: «Edozein hizkuntza, zaharra nahiz berria, aztertu eta etimologia konparatzen badugu, forma zaharrenak euskaraz daudela ikusiko dugu beti».
Lehenbizikoa
Ribero-Menesesek ohartarazi digunez, gizakiaren jatorriaz, garapenaz eta kolonizazioaz tesi zientifiko koherentea egin duen lehenbiziko historialaria da bera. Ez hori bakarrik. Kulturarekiko jarrera dela-eta, Estatu espainolaren aurkako salaketa jarri duen aurrenekoa ere badela erran digu. Europara igorritako idatzi horretan, eskaera bat egiten dio Nazioarteko Komunitateari: Gobernu frantsesarekin eta espainolarekin Kantauri ertzeko lurraldearen kudeaketa partekatu dezala exijitzen dio, bertan dagoelako gizadiaren historiaren hasiera, bai eta hizkuntza zaharrena ere.
«Jende guztiak onartzen zuen ideia bat ukatu nuen: homo sapiens ez da Neanderthalen edo bertzelako hominidoen garapenaren emaitza. Enbor genetiko berezia da. Hominidoen eta Homo Sapiensen nahasketatik sortu zen gizakia, hain zuzen ere».