GARA > Idatzia > Kultura

Pedro Arruperen bizitza oinarri duen musikala aurkeztuko du Gontzal Mendibilek

Izaskun LABEAGA | BILBO

Pedro Arrupe jesuita sortu zenetik mendeurrena beteko da azaroan. Hori dela-eta, hainbat ekitaldi antolatu dituzte Arrupe Etxeak eta Deustu Forumak.

Hitzaldiak, bi erakusketa eta Gontzal Mendibilek zuzenduko duen musikala antolatu dituzte antolatzaileek. Donostiako Orfeoiak, Oreka TXk eta Igor Yebrak parte hartuko dute Mendibilen proiektu horretan.

Pedro Miguel Lamet kazetariaren berbaldiarekin abiatu ziren atzo saioak. Bilbotarraren bizitza, ideiak eta jardueran sakontzeko informazioa zabalduko da hitzaldietan bere alboan izan ziren hizlariekin. Deustuko Unibertsitatean eta Arrupe Etxean egingo dituzte bilkurak. Entzungai izango dira han urtetan haren laguntzaile Ignacio Iglesiasen edo Kanboiako errefuxiatuen laguntzarako zerbitzuan Arruperen ondorengo Kike Figaredoren ahotsak. Peter H. Kolvenbach jesuiten gaur egungo burua bertan egongo da ere.

Arte Ederretako Museoan argazki erakusketa irekiko dute azaroaren 12an. Bi egun geroago, aldiz, Aita Arruperen bizitza errepasatuko duen montajea zabalduko dute bere izena daraman etxean.

Mendibilek zuzenduko duen musikal handia Euskalduna Jauregian antzeztuko dute. 80 musikari, 65 ahots zuri eta Igor Yebra izango dira taula gainean, Ludwig Orkestra eta Beti jai Alai taldearekin batera. Urtebete baino gehiago darama Mendibilek ikuskizuna prestatzen. Halako lanetan eskarmentua badu ere, azken obra hori orain arteko «sakonena» izan dela aitortu zuen atzo, «Arruperen bizitza handia izan zelako». Izenburu bat bilatzea zail egin zaio. Azkenik, ``Nire isiltasuna'' leloa hautatu du euskara, gaztelera, japoniarra, ingelesa edo alemanez hitz egingo duen obrarako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo