GARA > Idatzia > Ikusmira

20.000 lagun heriotzara zigortuta daude

Munduan gaur egun 20.000 lagun heriotzara zigortuta daude, AIren txostenaren arabera. Haien artean hainbat delitu egin dituztenak bide dira, eta halaber hainbat errugabe. Hori pentsatze hutsak nahikoa izan beharko luke zigor mota hori desagerrarazteko. Heriotzara zigortu eta urkatutako lagun baten irudia eskuarki herrialde pobretuetako praktika «basatiekin» lotzen da, basatia zigor hori aplikatzeko modua balitz bezala, eta ez legeek heriotza zigorra jasotzea. AEBetan, esate baterako, zigor horren gaineko eztabaida egon da eta badago oraindik ere, baina gaur egun eztabaidatzen diharduten krudelkeria ez da inor legez hiltzea, baizik eta injekzio hilgarria, hura «egokia» den ala ez argitu nahian. Izan ere, heriotza zigorra ez da herrialde pobretuetako kontua, ez hangoa bakarrik. Herrialde «garatu gabeak» garatuekin, ez-demokratikoak «demokratikoekin» batzen ditu. Hartara, Ipar Korea eta Hego Korea, Mongolia eta Txina, Bangladesh eta Japonia zerrenda berean biltzen ditu. Aginteak, delitua zigortzen duenak, inor hiltzea debeku handienaren pean dela dio eta berak hiltzera zigortzen du delitu hori berdinduz, eta batzuetan errugabeei aplikatuta. Zenbaki ikaragarri horren aurrean, harrigarria gertatzen da AIk nabarmendu duena: oraindik NBEk heriotza zigorra indargabetze alderako erabakirik hartu ez izana.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo