KRONIKA Hiriko termometroa kenduko dute
«Aspaldian ez zebilen fin, baina donostiarrentzat ikurra da»
erenegun jakin genuen Donostiako Askatasunaren ibilbidean Banco Guipuzcoanok duen egoitzaren hormako termometro erraldoia kendu behar izango duela saldu zuen enpresak. Zer eta bere eginbeharra ondo egiten ez duelako. Hiritar asko ohartuta zeuden akatsaz eta ondo dabilen bat jartzeko eskatu dute. H
Maider EIZMENDI
«Bere helburua ez da soilik estetikoa, bere izateak helburu bat du, bertatik igarotzen diren pertsonei zer tenperatura egiten duen jakinaraztea, alegia». Horixe jasotzen da Gipuzkoako Auzitegiak kaleratu duen epaian eta zera gaineratzen dute: jarri zenetik arazoak baino ez dituela eman. Urteak igaro dira ordutik 1999ko urrian jarri baitzuen banketxeak, aurretik horrenbeste urtez puntu-puntuan egondakoa ordezkatzeko.
Ondo aritu edo ez, bertatik igarotzen den jendeak termometroaren falta sumatuko du tramankulua «erreferente bilakatu» baita. Termometroa dagoen lekutik metro gutxi batzuetara bizi da Joakina Arregi. Begi zirrikituaz bada ere, aldamenetik igarotzen den aldiro begiratzen diola onartu du emakumeak, «ohitura hartua» baitu.
«Oso ezaguna egin da»
Aspaldi honetan itzalita dago termometroa, baina aurretik ere «fin-fin» ez zebilela konturatuta zegoen Arregi. Bere esanetan, beretzat bakarrik ez, inguruko nahiz kanpotik etorritako pertsonentzat erreferente da. «Urteak daramatza hor termometroak, azkenean ezagun egin da oso».
Francisco Delgado donostiarra ere konturatuta zegoen termometroak tenperatura kontuetan aldrebes samar zebilela, baina emaztea omen da gehien ohartu dena. «Ez da hemendik pasatzen begiratu gabe eta behin baino gehiagotan aipatu izan dugu ea noiz konpontzen duten», azaldu du Delgado donostiarrak.
«Bazen garaia!». Halaxe esan zuten bat-batekoan, termometroa ondo ez dabilelako kendu behar dutela esatean inguruan paseoan zebiltzan beste bi emakumek. «Aurretik zahar itxurako beste bat zegoen eta hark bai, hark primeran lan egiten zuen. Baina hura kendu eta beste moderno hau jarri ziguten orain urte batzuk eta hasiera-hasieratik arazoekin ibili da», adierazi du emakumeetako batek. Beharra baino gehiago ohitura kontua da zalantzarik gabe, polemika eragin duen termometrotik hogeita hamarren bat metrora dagoelako beste bat, baina ez hain ikusgarria eta ohiturazkoa. Hari ere erreparatzen diote, baina itzalita badago ere, besteari, handiari, begiratzeko tentazioari ezin eutsi.
Erreferente bilakatu delako eta «erabilgarri delako» berriz ere beste bat, eta «ondo dabilena» gainera, jarri dezatela eskatu dute bi emakumeek; are gehiago, sententzian jasotzen den moduan, bankuari termometroagatik pagatu zuen dirua itzultzen badiote.
Liskar luzea
Erabakia orain ezagutzera eman den arren, banketxeak termometroa saldu zion enpresarekin duen liskarra ez da berri-berria. Izatez, aste honetan jakin den epaiak, Lehen Auzialdiko epaitegiak kaleratutako beste bati erantzuten dio. Orduan banketxeak egindako eskaerari ¯termometroak balio zuen dirua (135.000 euro) itzultzekoa eta izandako kalteak ordaintzekoa¯ gehiegizko iritzi zion epaitegiak.
Orain, baina, jarri zenetik izan dituen arazoak kontuan hartuta, termometroak diseinu arazo bat duela ebatzi dute. Izan ere, egin zutenean ez zuten kontuan hartu agente atmosferikoen kontra babestea- Horiek hala, ura sartzen omen zaio termometroari barnean.