Iruñerrian dagoen hutsunea betetzeko bertze gisako irrati bat laguntzeko kontzertua eginen dute
Iruñerrian aditzen diren irratiek pluralitaterik eskaintzen ez dutela-eta, ezberdina den irrati baten alde lanean ari dira hainbat herritar eta eragile sozial. Horretarako, kontzertua antolatu dute urriaren 19an.
Jasone MITXELTORENA | IRUÑEA
Urriaren 19an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian kontzertua izanen da Betagarri, Lor eta Su Ta Gar euskal taldeekin. Besta hori Iruñerriko hainbat herritarrek eta eragile sozialek antolatu dute, inguru horretan gaur egun dagoen irrati eskaintza hobetzeko asmoz laguntza lortze aldera. Antolatzaileek azaldu zutenez, Iruñerrian ez dago aukera handirik audio mailan, eta Euskal Herriko bertze inguruetan edo hiriburuetan aurki daitekeen pluralitatearen falta sumatzen dute bertako bizilagunek. Horregatik, egungo irrati-eskaintzatik ezberdina izanen den irrati euskaldun baten beharra sumatzen dute, eta gisa horretako egitasmoek berekin dakartzaten kosteak kontuan izanda, hainbat ekimen abiarazi dituzte aurrera egin ahal izateko. Orain arte hainbat zozketa eta bertzelako jarduerak antolatu dituzte, baina oraingoan ekitaldi indartsu batekin ausartu dira; hilabete honetarako antolatu duten kontzertua izanen da ekitaldi hori, irrati ezberdin baten aldeko apustu erraldoia alegia, Iruñerriko bizilagunek indarrez erantzutea espero dutena.
Bertze gisako irrati horrek orain arte ematen ez diren aukerak eskainiko lituzke: Euskararen erabilera nagusi izanda, beste ikuspegi batetik adierazitako informazioa, gainerako komunikabideetan azaltzen ez diren gaien ezaguera eta gai horien lanketa eztabaida bertzelako saioen bidez.
Musika eskaintza zabala ere emanen luke komunikabide berriak: Gazteentzako zein adin guztietakoentzako musika, betiere komertziala ez dena, aukera hori zabalduta baitago gaur egun. Antolatzaileek aipatzen duten landu gabeko espazio zabala bere baitan hartu eta Iruñerriko irratien artean beharrezko ikusten duten pluralitatea lortzea espero dute.
Iruñerrian 106.7 diala
Komunikazio espazio berri horrek badauka bere tokia oraingoz. 106.7 dialean entzun daiteke aukera ezberdina. Hazten eta heltzen ari da, eta oraindik ez dago finkatua. Beraz, Anaitasunan eman ahalko zaio behar duen bultzada. Betagarri, Lor eta Su ta Gar taldeen kontzertuaz disfrutatzeko aukera izanen da urriaren 19an, 22.00etatik aitzinera, eta bide batez komunikazio espazio berri bat laguntzeko aukera izango da. Sarrerak aldez aurretik 15 eurotan salduko dituzte Planet Rock, Xalem eta Xalbador diskoetxeetan, edota Zurgai, Ipargorri, Herriko, Basajaun eta Ezpala tabernetan. Bertzela, egunean bertan txarteldegian erosi ezkero, 18 euroko balioa izanen dute.
Iruñerrirako komunikazio espazio berri eta ezberdin baten sorrera lagundu eta urriaren 19an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian Betagarri, Lor eta Su Ta Gar taldeen kontzertuaz gozatzera animatzen dute antolatzaileek.