GARA > Idatzia > Kultura

Suzko usoaren itzulera

Dorleta URRETABIZKAIA

Aktorea eta idazlea

Lo egin nahi dut une batez. Une batez, minutu batez, mende batez. Baina guztiek jakin dezatela, ez naizela hil, urrezko ukuilu bat dudala nire ezpainetan, mendebal-haizearen laguna naizela eta nire malkoen itzal erraldoia bilakatu naizela...»

Fusil hotzaren heriotza behartuaren gertutasunean idatzitako Federico Garcia Lorcaren poema honetaz baliatuko naiz, antzerkiaren maisuetako bati buruzko antzezpen bat aurkezteko. «Le divan du Tamarit». Baionako Jaialdiaren atarian izan dugu aste honetan Jose Manuez Cano López konpainiaren eskutik. Lorcak hil aurretik idatzitako azken bi poema bildumak oinarri hartuta, bere azken ametsa edota amesgaiztoa irudikatuko dute hainbat diziplina eta hizkuntza baliatuaz. Konpainia askoren artean, Théâtre des Chimères taldearen azken estreinaldia ikusteko beta izango dugu, baita Teatro de Los Andes taldearen azken antzezlana ere. Hilaren amaiera arte kalitatezko gauza asko ikusteko aukera izango dugu Baionan.

Bizkaia aldean ere, Getxoko antzerki topaketa izango dugu gaurtik hilaren 21era. Euskal Herriko lan asko ikusteko aukera izango dugu, baita haurrei zuzenduriko programazio zabala ere. Ezin ahaztu, Santurtziko Nazioarteko Jaialdia. Hilaren 19an emango dio hasiera eta hilabete batez, antzerkia, dantza eta opera ikusteko aukera zabala izango dugu, antzoki barruan zein kalean.

Irailean hasitako Gasteizeko Nazioarteko Antzerki Jaialdiak ere, aurrera dirau oraindik, Ameriketako Estatu Batuetatik, Argentinatik, Kolonbiatik, Portugaletik, Italiatik eta Belgikatik etorritako konpainiekin. Pasaiako Umore Azoka ere gurekin izango dugu hilaren 18tik 28ra. Eta Bilbon, BAD antzerki eta dantza jaialdia. Antzerkiola Imaginarioa konpainiaren obrari eskainiko dioten monografikoarekin batera, taldearen «Yuri Sam. Otoitza», «Kaputen Kanta» eta «Au Revoir, Triunfadores» antzezlanak ikusteko aukera izango dugu.

Udako epeltasun lasaian lokartuak egon diren antzoki itxiei ongi etorria emateko, haur baten sortze momentua ahotan duen Lorca-ren «Yerma» antzezlaneko Maria pertsonaiaren hitz hauek lapurtu nahi nituzke. Jaio berria den udazkeneko antzerkiak argiz betetako urte sasoia izan dezan:

«... Ez dakit nola jakin nuen... baina ezkondu ginen gauean, etengabe esan zidan bere ahoa nire masailean jarrita zuela, hainbestetan, nire ustetan, nire umea, belarritik sartu zidan suzko uso bat dela...».

Fitxa

Data: Gaurtik hilaren 21era arte (igandea).

Lekua: Getxo Antzokia (ekitaldi nagusiak). Haurrei zuzendutako emanaldiak Areetako Andres Isasi Musika Eskolan eta Algortako Geltokia plazan egingo dira.

Sarrerak: 9 euro Getxo Antzokian eta 3,50 euro Andres Isasi Musika Eskolan. Kalekoak, doan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo