GARA > Idatzia > Euskal Herria

KRONIKA Monolitoaren 25. urteurrena

«Amaiurko gudaren monolitoa egun galdurik dauden baloreen ikurra da»

maiurko gazteluaren muinoko monolitoa altxatu zutela 25 urte bete dira aste honetan. Herritarrek hamaika lan egin dituzte 1522an gaztelua defendatzeko borrokatu ziren gudariak omentzeko, eta atzokoan monolitoa zutik dagoela ospatu zuten. Bide batez, monolitoaren erranahia zabaltzeko balio izan zuen atzoko ekitaldiak. A

p020_f02_199x104.jpg

Eguerdia hurbil zela Amaiur herri ttikia jendez betetzen ari zen atzo goizean. Plazan bildu ziren Euskal Herriko lurralde guztietatik Baztango herrixka honetara hurbildu zirenak, musikariak gidari gazteluaren muinora abiatzeko. Ikurrina, Nafarroako ikurra eta Arrano Beltza nagusitu ziren martxarekin gazteluaren arrastoen ingurua betez joan zen pixkanaka. Behin goian bildutakoan, aurreskua dantzatu zen monolitoaren aurrean, eta loreak eskaini ziren. Txalapartaren eta adarraren soinuek sortutako giroak bertze garai batzuetara eraman zuen Amaiurko gaztelu historikoa. Une horretan herriko alkateak egin zuen ekitaldiaren aurkezpena, herritarrek bultzatutako ekimena izanik, amaiurtarren izenean. Migel Jose Ariztegik aintzinean zuen monumentuaren erranahia nabarmendu zuen, horixe omendu eta gogorarazi nahi baitzen atzoko ekitaldian.

«galdutako baloreak»

Bere hitzetan, «hemen borrokatu ziren berrehun gudari haiek sinesten zuten hura defendatu eta sinesten zuten harengatik bizia emateko prest agertu ziren». Ariztegik GARAri adierazi zionez, «askatasunaren eta errespetuaren aldeko aldarrikapena» zen gudari haiena, eta bere ustetan «balore horiek galduak dira gaur egun». Azaldu zuenez, «bakoitza bere aldera joaten da orain, adostasunik gabe, eta elkarrekiko errespetua galdua dago; elkar ulertu beharrean iskanbila sortzea bertzerik ez da lortzen. Horrela ezin gara inora joan». Alde horretatik, agertzen den egoeraren aintzinean, Amaiurko alkateak garrantzitsutzat jotzen du orain bortzehun urte gazteluan borrokatu ziren haien baloreak eta jokabidea gogoraraztea. Bere hitzetan, «hori falta da orain».

Amaiurko gazteluaren muinoa urtean zehar antolatzen diren hainbat ekitaldiren eszenatokia izan ohi da. Ariztegik azaldu zuenez, monolitoa «independentziaren sinbolo» bihurtu da Euskal Herri osoan. Bakoitzak bere interpretazioa egiten duela eta hori errespetatzen duela argi utzita, bere ustea jakinarazi zuen: «Gaztelua defendatzera etorri ziren gudari haiek bazekiten galduko zutela eta berrehun lagunek ez zutela erreinua berreskuratuko, baina sinesten zuten horren alde eman nahi izan zuten beraien indar ondarra». Ariztegiren iritziz, horixe da monolitoaren erranahia, eta aipatutako baloreak biltzen dira erranahi horren barrenean.

Atzoko ekitaldiak herritarren lana aitortu eta omentzeko ere balio izan zuen. Alkateak ez zituen aipatu gabe utzi nahi izan 1522ko gudari haiek omentzen dituen monolitoa altxatzea lortu zuten «gazte ameslariak». Horregatik, gaur egun zutik dirauen monumentua 1978an sortutako Gaztelu Elkarteari zor zaiola jakinarazi zuen. Herriko gazte batzuen ametsa izan zela, eta «lan handia eginda» azkenean 1982an lortu zutela oroitarazi zuen. Gazte ameslari horiek aurten 25. urteurrena ospatu nahi izan dute, herritarrek omenaldia egiteko baliatu zutelarik.

Besta hori ere Amaiurko herritarrek elkarlanean antolatu zuten. Txistulariek eta gaita-jotzaileek Gazteluko muinoan egindako ekitaldiari doinua eman zioten, dantzariak monolitoa eta haren sortzaileak omentzen zituen bitartean; txalapartarien egur kolpeak adarraren deiadarraz lagunduta sortu zuten memento hunkigarriaren erritmoa eta abesbatzak ahotsa jarri zion sentimenduari. Omenaldi osatua antolatua zuten amaiurtarrek monumentuaren 25. urteurrenerako. Alkatea bera kontent agertu zen ekitaldiarekin, eta eguraldia lagun Amaiurko muinoa jendez bete zela oroitu eta «erantzun ona» eman zitzaiola esan zuen: «Egun polita suertatu da, han goian erran duguna aldarrikatzeko».

Monolitoa erakusketan

Ekitaldiaren ondotik, txistuaren doinuan dantzak izan ziren herriko plazan. Zazpi jauzi eta zortzikoarekin batera, Baztango «mutil-dantzak» ere izan ziren. Hori bai, nesken parte-hartzea ere izan zen, aurten bailarako herri-besta guztietan egin den bezala, nahiz eta batzuek berria den horren aitzinean dantzatzeari uko egiten segitzen duten, atzokoan bezala.Dantza saioaren ondotik zikiroa jateko aukera izan zen.

Bertzalde, Amaiurren jarriak izan diren -bat 1926an eta bertzea 1982an- bi monolitoei buruz jakin nahi duenak egun hauetan Iruñeko Artxibo Nagusian zabaldutako erakusketan du horretarako aukera.

Jasone MITXELTORENA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo