Inaxio Antoñana Viana
Txosna
Oraindik gogoan ditut, sutegiko burdin goriak grabatuta, gau amaiezin hura, noiz txosnaren azken profila soldatzen baikenuen, baita hurrengo goiz hura ere, orain dela hogeita zortzi urtekoa, noiz lehenengo eguzki-printzez lagunduta lotara baikindoazen. Haztamuka kalean, soldatzeko makina elektrikoak itsutuak, harea begi minduetan, leher eginak baina bihotza gaztetako bizipozez betea. Magdalena jaiak genituen gogoan: biharamunean ikastolarentzat atera behar genuen dirua, gure hizkuntza berreskuratzeko prest zeuden haur adoretsu gutxi haientzako etxabe ziztrin hura konpontzeko behar genuena.
Burdinazkoa, astuna, sendoa eraiki genuen, bai, frankista haien oldarrei aurre egin behar baitzien. Nafarroan gure etorkizuna hondatzeko gogoz, gaur egun ere agintzen dutenek mozkortu eta xaxatuak, harresitik behera jaurti nahi zuten, su emanda. Baina nork esan behar zien, goiz itsu hartan oker ez genbiltzala, eta beste askoren ilusioarekin batera, etxabe kaskar hura ehun ikasle baino gehiagoko zentro bihurtuko zela! Eta nork esan behar zien, ez bat, sei txosna baizik, muntatuko genituela Erentzun ikastola txiki geratu zaigulako, haurrak ez direlako kabitzen, gero eta guraso gehiagok, oztopo guztien gainetik, euskarazko eta kalitatezko hezkuntza aukeratzen dutelako.
Hilaren 21ean, igandean, jaia ere bada Vianan: Nafarroa Oinez 2007. Eta egun horretan, aspaldi bezala, txosna horiek betetzeko laguntza behar dugu, barrualdea zein kanpoaldea. Zu ongi pasatzera etortzea behar dugu eta baita lan egitera ere. Hemen behar zaitugu. Dena utz ezazu eta, antzina arerio gaztelauarentzat itxita egon ziren hiriko bost portaletako batetik sar zaitez, oraingoan euskaraz irekita egongo baitira Euskal Herri osoari `ongi etorri' esateko.