julen MURGOITIO
Banzai! basurdeak lagun
Lehen lurra bistaratu zuten, algarazko oihu-en artean; nonbait nekatuta zeuden hainbeste astetan gorpu- tzekoa karabelako kareletik libratzen. Gero, hondartzan lurreratuta, lurra hartu zuten. Hango lurra ez ezik hango lurtarrak ere hartu, menpean jakina, kostaldetik hasi eta barnealderantz zabaltzen, lur gainetik lehen eta lurpetik gero. Mundu berria aurkitua omen zuten Atlantikoa zeharkatuz haraino heldu ziren koroazaleek. Aurkikuntza bai, dudarik ez, baina mundu hartakoek orduan egin zutena, mundu honetakoak ezagutzean. Zoritxarrezko aurkikuntza, izan ere. Heldu berriak hasi ziren hangoen historia idazten. Hortaz, inoiz ez zuten idatzi lehendabiziko lurreratze hartan hondartzan benetan gertatua, hau da, hango lurtar ugari, adin guzti-guztietakoak, errege katolikoen argazkiei sua ematen zeudela pozezko jauzi jatorren artean. Tira, harrezkero gure beheko estatukoek urtez urte tinko oratzen diote egun hori ospatzeari, gero eta tinkoago oratu ere, tankeak eta basurdeak parez pare etorbide handietatik. Baina gero eta gutxiago ospatzen dute mundu berriaren aurkikuntza eta gero eta gehiago ospatu euren zezen-larruaren batasun monarkikoa iraunarazi beharra. On dagiela! Kareletik libratu dezatela bestela!
Dena dela, aurtengo ospakizunak ukitu berezia izan du. Izan ere, beheko estatuburuak eskua argazki erre berri baten errautsetan sartu eta atzamar puntaren beltzaz marra bana margotu du masailetan, sudurraz alde batera eta bestera, une berean Banzai! oihuka hasita bere zezen-larruaren iparraldera atzamarraz seinalatuz, bere ondoan barne ministroa atzamarrari berari begira. Banzai! Prest omen dago konbaterako! Ene, ene, batzuk zentimo biko kondoia baino arinago urratzen dira! Estatuburu horrek jai dauka Bake Nobel saria lortu nahi badu banzaika. Ez, ez da samurra aurrean daukagun panorama. Guadiana bezalakoa den ELA sindikatua bera ere azaldu da egunotan politikaren ibilgura, laster batean, seguruenik, berriro desagertzeko hurrengo batera arte. Erraza da irtenbidea bilatzea, erraza ez dena irtenbidea aurkitzea da. Nik neuk gero eta erreferente handiagoa daukat Asterix eta Obelixen herrixkako dinamika politikoa. Gure artean askok berrirakurri beharko luketena. Gainera, basurdeenak ere gaurkotasun osoa dauka.