Matxinada Zapatistaren lekuko, mexikar argazkiak ikusgai
Egun hauetan «ospatzeko» ezer ez dagoelako, herri indigena Mayaren egungo egoera azaltzen duen argazki erakusketa jarri dute ikusgai Gernikan Frida Hartz eta Eduardo Vera argazkilari mexikarrek. Zapatistak, emakumeak eta herritar xumeak dira bertan protagonista.
Anartz BILBAO | BILBO
Euskal Herrian dira egunotan Eduardo Vera eta Frida Hartz mexikarrak. Eskarmentu handiko argazkilariak, Eduardok, laugarren bisitaldia du gurean. Argazkiak egiteaz gain, musikazale amorratua dugu eta berak ekoiztu zuen Zapatisten alde AEBetan plazaratutako lehen diskoa, «Somos Indios» izenekoa, 1995ean. Fridak, bestalde, hamazazpi urte eman ditu «La Jornada» egunkari ezagunean lanean, argazkien arduradun. Egun, freelance gisa ari da eta berak egina da Marcos komandanteordea zaldi gainean pipa erretzen agertzen duen argazki sonatua.
Eduardok, berak azaldu digunez, makina bat lagun egin ditu aurreko bidaietan eta hauen gonbiteari esker Fridarekin erakusketa antolatzea otu zitzaion, azken honek lehen aldia baitu gurean.
Egungo Mexikoko argazkiak ikus ditzakegu «Mexikar gertaerak eta herri indigena Maya» erakusketan, baserri girokoak zein hirikoak. Baita hurbileko gertaera historikoak ere, Chiapas eta Guatemalako herri Mayaren edo El Salvadorreko gerra egoera kasu. Argazkiek herri langilea erakusten dute, herri Maya, eta zehazki, Zapatistak. Gauza ez da tragediak edo pobrezia hutsa erakustea, diosku Eduardok. Egoera horretan jendeak nola borrokatu eta aurrera egiten duen islatu nahi izan dute; batzuetan dantza, musika eta ospakizunen bitartez, alaitasunez, kultura hori erakusten saiatu omen dira argazkilariak.
Argazkilarien asmoa egungo mexikar gizartearen egoera islatzea da, herri langilearengana, nekazariengana, eta emakumeengana hurbiltzea. Fridak esan zigunez, une historikoa jaso, islatu eta mezua helaraztea dute xede argazkiek. Mexiko zatitxo bat gurera ekartzea; hein batean, Mexikoko «irudi turistikoak», alaiak eta politak baino, heltzen ez zaizkigulako. Gainera, Eduardok nabarmendu digunez, gustatuko litzaieke ikusleek hausnarketa egin eta iritziak azaleratzea, artistekin solastuz.
Herrien arteko trukea izan dadin, euskal artistak Mexikora gonbidatzeko eta babesteko ahaleginetan ari dira Eduardo eta Frida. Bestalde, Euskal Herriko argazkiak ateratzeko ere profitatu nahi dute bidaia, itzuleran amerikarrek gure berri ere izan dezaten. Adibide gisa, Iruñean izan ziren ostiralean, urriaren 12ko manifestazioan argazkiak ateratzen.
«Hispanitate» egunaren harira, Ertamerika eta Hegoamerikako egoeraren berri eman zigun Fridak. Nahiko berria bada ere, azken bi hamarkadetan sortu omen da kontzientzia bat Mexikon, orokorra ez dena baina «konkista»ren ospakizunen aurka lan egiten duena, hiriburuan dagoen Colonen monumentua suntsitzen ahalegintzea kasu. Bada kultura prehispanikoaren aldeko aldarrikapen bat, batez ere, Zapatistei esker sortua.
Erakusketa Ibiltaria
Berrogei bat argazkik osatzen dute erakusketa, hogei Eduardorenak eta beste horrenbeste Fridarenak. Azken honek, adibidez, hogei argazkiko hiru sorta ekarri ditu, erakusketa batzuk aldi berean eskegiko baitira. 11x16 neurrikoak eta zuri beltzean zein koloretan eginak dira argazkiak.
Bilboko Hika ateneoan jarri zuten erakusketa lehendabizi eta Gernikan egon da egunotan. Ermuarako bidea hartuko du gero. Azken-aurreko geltokia Urduñan dute. Hemen erakusketa murriztuagoa izango da, argazki gutxiagorekin, luzeago iraungo duen arren. Bukatzeko, Bilboko Zenbat Gara elkartera eramango dituzte argazkiak, ia urri bukaera arte Gabriel Aresti euskaltegian eskegitzeko.
Ermuako Emakumearen Etxean, Frida Hartzek bakarkako argazkiak ere jarriko ditu, bihartik ostirala bitarte, mexikar emakumea ardatz dutenak. Artistaren solasak irekiko du erakusketa, bihar arratsaldeko seietan.
Emakumeak ardatz hartuta makina bat argazki lan egin ditu Frida Hartzek. Eduardorekin egindako erakusketaz gain, mexikar emakumearen egoera azaltzen duen argazki sorta bat jarriko du Ermuan ikusgai.
Gernika: Urriaren 11tik 14ra, Astra gaztetxean.
Ermua: Urriaren 22tik 26ra, Lobiano kulturgunean.
Urduña: Urriaren 18tik 26ra, kultur etxean.
Bilbo: Urriaren 16tik 28ra, Gabriel Aresti euskaltegian.