GARA > Idatzia > Euskal Herria

Ikasle Abertzaleak: «Ikasiz, irauliz, eraikiz... borrokak egingo gaitu!»

p022_f01_148x108.jpg

Maider IANTZI |

Aitzineko kongresuan, Ikasle Abertzaleak taldeak eskubideen defentsan egiten duen lana definitu zuen, eta orain, bosgarren biltzarrean, norabidea hartu du ardatz. Alde batetik, «Hezkuntza Sistema Nazionala eraikitzeko indarrak metatu» nahi dituzte; bertzetik, «ikasle mugimenduaren osasuna kolokan jartzen ari diren honetan sendo artikulatu». «Itzartu prozesua» izena eman diote kongresuari, horixe baita gizarteari, eta ikasleriari bereziki, helarazten saiatzen ari diren mezua: «Loak hartuta, infantilizatuta, zapalduta gaituzten honetan, esnatu beharra dugu». Horrez gain, hitza hartzeko beharra ere nabarmentzen dute.

Hitza hartu dute eta eztabaidan ari dira. Horretan emanen dute urria, eta ekarpenak egiteko aldia zabalduko dute gero. Abenduaren 15erako, berriz, osoko bilkura iragarri dute. Argi utzi dute prozesua ez dela barrura begira egina soilik, kanpora ere egiten dute so, eta «hitza hartzera eta errespetaraztera» deitzen dute ikasle oro; eremu guztietan, baina Bologna prozesuan bereziki. «Ikasleriak garbi adierazi du ez duela inposaketa hori onartzen, eztabaida hasi behar dela Euskal Herriak behar duen unibertsitatearen inguruan», azaldu diote GARAri.

Azaroaren 17ko hitzordua

Erdi mailako ikasketak egiten ari diren gazteei begira antzeko ariketa planteatu dute. «Eskubideen urraketa orokorrari aurre egiteko bidea hitza hartu eta errespetaraztea da», hausnartu dute. Azaroaren 17a, Ikasleen Nazioarteko Eguna, dinamika honen inflexio puntua izanen da, topaleku bat irudikatzen ahaleginduko baitira Usurbilen. Bertan, Bologna Prozesuaz eta eskubide demokratikoez mintzatuko dira, eta garrantzi berezia izanen dute emakumeek.

«Ikasleoi ikastea dagokigu; hori iraultzeko egiten dugu, eta egoera irauliz Euskal Eskola Nazionala eraikitzen dugu», azaldu dute gazteek. «Ikasleak gara zentzu guztietan. Oraina eraldatu eta etorkizun hobea eraikitzeko ere bai. Gurea da oraina, gurea da etorkizuna», gaineratu dute. Historian, ikasleak borrokalariak eta utopikoak izan direla ekarri dute gogora eta 68ko Maiatza paratu dute horren adibide. «Berezkoa dugun ezaugarria da hori. Gainera, guk egiten ez badugu, nork egingo du?».

Nabarmendu dutenez, eskubideak babesteak hitza errespetatzea ekartzen du berarekin, eta hori lortzeko dihardute lanean, «testuinguru beltzean» jardun ere. Azkenaldian zapalkuntza areagotzen ari dela baieztatu dute: Lakuako Hezkuntza Saila diseinatzen ari den dekretu berriaren gako nagusiak, «zigorren areagotzea eta eskubide demokratikoen murrizketa basatia» direla deritzote; Bologna Prozesuak planteatzen duen profila -«ikasle prekarioak, denbora eta indar guztia alor akademiko bakarrera begira jartzera behartuak direnak»- Euskal Herriko unibertsitateetan ikusten hasiak direla ohartarazi dute; eta, azkenik, polizia autonomikoaren jazarpena salatu dute.

Egoera horretan, argi izpiren bat ere ikusten dute ordea: «Euskal Herriak mendeetan erakutsi duen indarra eta aurrera egiteko gaitasuna», hain zuzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo