Baikor dago Baskonia Real Madrilen aurka
GARA | GASTEIZ
Konfiantzaz gainezka eta Linton Johnson tartean dela ekingo dio Tau Baskoniak denboraldiari Zurbanon. Aurrean, alabaina, egungo liga txapeldun Real Madril izango du. Arratsaldeko 19.00etan hasiko da jardunaldiko neurketa interesgarriena den hau.
Akasvayu Gironaren aurka galdu arren, ez da asko estutu Neven Spahija entrenatzailea. Ondorioz, asteroko prentsaurrekoan baikor mintzatu zen, bere taldeak «oso itxura ona» duela nabarmendu, eta madrildarrentzat ere hitz ederrak izan zituen.
«Oso itxura ona hartzen diot gure taldeari. Gironan galdu genuenez geroztik, sarritan egin dugu berba han egin genituen hanka sartzeen inguruan, eta tira, ongi prestatuta gaudela esango nuke. Kontua zera da: entrenamenduetan egiten duguna jokora eramatea».
Linton Johnsonen etorreragatik ere pozik zegoen kroaziarra. «Ona da barruko jokorako beste norbait edukitzea. Horrek aukerak zabaltzen dizkigu, bai erasoan bai defentsan. Esango nuke jokalari berri honekin erabat gertu gaudela Real Madrilen aurka ekiteko», esan zuen.
Felipe Reyes gabe
Talde madrildarrak gabezia handi bat izango du Gasteizen: lunbalgia dela-eta, etxean geratu da Felipe Reyes. Bere lekuan Pablo Aguilar gaztea deitu du Joan Plazak. Aurkari latza izango da edonola ere. Esaterako, ostegunean Toronto Raptors-i 104-103 nagusitu zitzaion Madrilgo taldea.
Aurkariarentzat ere hitz ederrak izan zituen Spahijak, «ahulgunerik ez» duela esan baitzuen.
«Asko harritu ninduen joan den ostegunean egin zuten neurketak, oso ongi jokatu baizuten. Apenas duen ahulgunerik, baina nire ustez, lan ona egiteko gai gara. Orain, gainera, Linton Johnsonekin aukera bat gehiago zabaltzen zaigu», adierazi zuen Spahijak.
Ziur daude Madril aldean ere gaur arratsaldekoa zaila izango dela. Hala, Louis Bullockek, iaz jokatu zuten antzeko partida egin beharko dutela nabarmendu zuen.
«Superkopan galdu egin genuen Tauren kontra, beraz, ez da erraza izango. Gasteizen irabazteko iazko partidaren antzekoa jokatu beharko dugu, non gauzak oso ongi atera baitzitzaizkigun. 40 minututan neurketaren kontrolaren bila arituko gara, baina oso parekatua izango da edonola ere», aitortu zuen.