Ohorezko Maila
Getxok irabazi du edonork eraman zezakeen euskal derbia
Ordiziak azkeneko segundoan zigor-kolpe bat alde izan zuen, baina Catchoplet-ek huts egin zuen
Jon LEUNDA | ORDIZIA
Getxo Arteak eraman zuen atzo garaipena, Ordizian jokatu zen denboraldiko lehen euskal derbian. Hala ere, gipuzkoarrek puntu gehigarria lortu zuten, defentsan egindako lanari esker, puntu bakar bategatik galdu baitzuten.
Norgehigoka Getxok eraman zuen, baina Kitmar Ordiziak ere berdin-berdin eraman zezakeen, eta horretarako aukera izan zuen. Azkeneko segundoan zigor-kolpea alde izan zuen, baina Catchoplet-ek ez zuen asmatu jaurtiketarekin, eta garaipenak ihes egin zien ordiziarrei. Hura lortu izan balu, puntuak etxean geratuko ziren.
Ordurarte, partidan denetik izan zen. Joko ona batzuetan, nahasia besteetan, hutsak eta emozioa, batez ere emozioa, derbi batek izan ohi duena. Bizkaitarrak oso goiz aitzineratu ziren transformatutako entsegu bati esker. Lehen zatian horiak hobeto aritu ziren, eta joko horri esker 3-10 aurretik zirela joan ziren atseden hartzera.
Bigarren zatia hasi bezain azkar, bizkaitarrek bigarren entsegua lortu zuten, etxekoen oparia aprobetxatuz. 3-15 jarri ziren, baina gipuzkoarrek partida berdintzea lortu zuten neurketa amaitzeko hogei minutu falta zirenean. Getxokoek, berriro ere markagailuan aurrea hartu, eta 15-23 ihes egin zuten, baina etxekoek berriro ere ia partidari buelta eman bazioten ere, ezin izan zuten lortu.