Lau eta Erdiko Txapelketa
Uda ez da oraindik amaitu Oinatz Bengoetxearentzat
Leitzarrak sasoi betean dagoela frogatu zuen, Mendizabali ez baitzion partidan sartzeko aukerarik utzi
BENGOETXEA VI 22
MENDIZABAL 8
Aritz SORZABAL | DONOSTIA
Oinatz Bengoetxeak sasoi betean jarraitzen du, azken hilabeteotan bezala. Bikotekide izan duen Abel Barriolarekin batera, udako pilotaria izan da. Geroztik zenbait aste igaro badira ere, leitzarrak udazkenari muzin egin eta oraindik borrokarako prest dagoela frogatu zuen atzo Iruñeko Labriten. Izan ere, Aratz Mendizabal aise kanporatu eta Lau eta Erdiko final-zortzirenetan dago. Eta hankak baditu urruti iristeko.
Zaldibiarrak bertatik bertara pairatu zituen Bengoetxearen bertute fisikoak. Defentsa bikainaz gain, nafarrak dejada sorta oparitu zien ikusleei, bere aurkariaren zoritxarrerako. Gipuzkoarrak ere, defentsan maila altua duela erakutsi zuen, baina huts gehiegi egin zituen gorriaren garaipena kolokan jartzeko.
Hain zuzen ere, Bengoetxeak hasiera-hasieratik hartu zuen partidaren gidaritza. 1-0koa norgehiagokan zehar errepikatuko zuen jokaldiarekin jarri zuen: dejada batekin, alegia. 4-1a txokoan egindako beste dejada batekin igo zuen markagailura; baina gurutzatutako pilotakadekin ere etekina atera zuen, 6-2koan adibidez. Buruz gaindik, zabalera utzitako beste dejada bat eta bi sake tarteko, 10-2 ezarri zuen leitzarrak. Partida azkar zihoan, azkarregi Mendizabalen intereserako.
Bengoetxeak huts batzuk egin zituen ondoren, eta Mendizabalek bi pareta ikusgarri bat egin zuen 12-5koa jartzeko. Dena dela, partidak jabe bakarra zuen, udan izan bezala. Bengoetxearen hankak ziztu bizian mugitzen ziren. Horrenbestez, ez zuen ezustea egoteko abagunerik utzi.
Mikel Goñiren aurka
Bengoetxeak Mikel Goñiren aurka jokatuko du final-zortzirenetan. Kanporaketa hori Oronozkoaren hauspoarentzat azterketa bikaina izango da. Horrez gain, udan jarraitzen dugun ala behingoz udazkenean gauden ikusteko balioko du.