BIGARREN MAILA | Ipurua
Zaletuekin batera ospatu nahi du garaipena Eibarrek
Talde gorri urdinak puntu gehiago eskuratu du oraingoz etxetik kanpo Ipuruan baino
Amaia U. LASAGABASTER | EIBAR
Puntu guztiek balio berbera dutenez, Eibar egiten ari den denboraldi hasiera ontzat jo behar da, nahitaez. Gorriurdinak, hala ere, hobeto aritu dira etxetik kanpo Ipuruan baino; eta etxean kaskar ibili diren denboraldiek zer-nolako emaitza izan duten kontuan hartuta, etxeko ibilbidea sendotzea dute helburu.
Javier Mandiolak atzo gogorarazi zuenez, «Ipuruan jokatu ditugun partida guztiak onak izan dira, baina beharbada, etxetik kanpo izan dugun zorte hori falta izan zaigu». Beharrezko zorte edo punteria hori gaur izan nahi dute eibartarrek, oraingoan garaipena zaletuekin batera ospatzeko.
Nahi eta espero ere, asteazkenean jokatutako Kopako kanporaketak ondorio kaskarrak - kanporatzea, bidaia luzea, eta batez ere, Martino eta Insaren lesioak- utzi dituen arren. Baina Manixek argi dauka horrek ezin diola taldeari aitzakiarik eman. «Fisikoki ez dago arazorik, taldea goitik behera aldatuko bada. Eta moralki, zer esanik ez. Daukagun moralaren mailan jokatzen badugu, argi eta garbi daukat irabaziko dugula». Entrenatzaile eibartarrak, gainera, nahiago du Elcheren aurkako partidaren irakurketa ikuspuntu positibo batetik egin. «Aurretik ia jokatu barik zeuden jokalariak aritu ziren, eta oso partida ona egin zuten. Horrek esan nahi du talde osoaren maila ona dela; erregulartasunez jokatzen ari direnek kale egiten badute, ordezko onak izango ditugula».
Del Olmo ondo dago
Beren lanak Manix pozik utzi arren, Martinez Valeron aritutako jokalari gehienak aulkira edo harmailetara -ohi den bezala, deialdia gaur egingo du- itzuliko dira gaur, entrenatzaileak «Ligako hamaikakoa» berreskuratuko baitu, taldea berriro ere goitik behera aldatuta.
Cuellar, Manel, Alaña, Urzelai, Raul Garcia, Lombraña, Carmelo eta Codina itzuliko dira, beraz. Baita Joseba del Olmo ere. Bizkaitarrak bere lesioa gainditu du eta hasieratik arituko da Granada 74ren aurka.
Atzoko entrenamenduan ikusitakoaren arabera, Jon Altuna goleatzailea eta Asier Goiria izan daitezke postua mantenduko duten bakarrak.