Bioaniztasuna sustatzeko, arto-bilketa egingo dute jai giroan Duzunaritzen
Lekuko artoa ereiteko, lekuko haziak behar dira. Bioaniztasuna bermatzea gero eta beharrezkoa den honetan, arto-biltze festa antolatu du Akitaniako Bio Laborarien Federazioak, urriaren 27rako Duzunaritzen.
Arantxa MANTEROLA|
Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ez ezik, Estatu osoan ere puri-purian dagoen gaia da bioaniztasunarena. Jitez aldatutako haziak edo transgenikoak, laborantza iraunkorra, bertako ekoizpenei eustea edota kalitatea bermatzea eztabaida publikoan sekulako lekua hartzen ari dira.
Gainera, oraintxe bertan Estatuan egiten ari den Ingurumenaren Grenelle izeneko eztabai- da publikoan Nekazaritza ministroak berak bionaiztasuna «ardatz bilakatu» behar dela esan du. Angela Mallaronik atzo Baionan Akitainiako Bio Laborarien Federazioak eginiko agerraldian, bere poza agertu zuen, «gutxienez, behar hori ofizialki onartu delako». Hala, aurrerantzean «orain arte ia isilpean egin den lana kontuan hartu eta lekuko lurraldera egokitutako ekoizpen dinamika berri bati» ekingo zaiola espero du.
Autonomia lortu nahian
Saiakera horretan azken sei urteak daramatza Fabrice Jaragoyhen Urdiñarbeko laborariak. Horrek bere eskarmentuaren berri eman zuen. Biolaborantzan ari da eta bere lurrera eta beharretara egokitutako artoa egin nahi zuen.
Horretarako merkatuan dauden arto haziek ez dute balio, besteren artean, hibridoak direlako. Beraz, Jaragoyhenek bere haziak erabiltzen hasi zen. Artaburu onenetatik aleak kendu eta hurrengo ereintzarako gordetzen ditu geroztik. «Ez da lan erraza, teknika pixka bat behar da eta ez da mirakulurik. Baina, nire haziak lortzen ditut eta horrek autonomia eta bionekazaritzan behar dudan oreka erdiestea ahalbidetzen dit» adierazi zuen baserritarrak.
Zeregin horretan aspaldian dabilen beste laborari baten artasoroa izanen da urriaren 27an arto-biltze bestaren gunea. Iazkoaren arrakasta ikusita, aurten errepikatzea deliberatu dute eta, nekazariei ez ezik, gizarte zabalari ere egiten diete bertaratzeko gonbita «lekuko ondare genetikoa nola lantzen eta atxikitzen duten ikusteko».
Ikusi eta ikasi
Goizeko bederatzietan, saiakera horretan proba egiteko interesa duten nekazariei zuzendutako landare selekzioari buruzko ikastaroa izango da. Hortik aurrera, 10.30ak aldera, arto-biltzea hasiko da txalapartaren doinuek lagunduta. «Edonork izanen du bizi-aniztasuna bere eskuekin hunkitzeko aukera» esan du Thomas Ergi Biharko Lurraren Elkarteko kideak.
Jarraian, bazkaria; nola ez, artoarekin egindako taloek eta morokiloak osatuko dute menua. Guztia musikaz eta dantzez lagundurik. Bertako eta kanpoko dantzak ikasteko parada ere izango da. Umoreari ere tartea egingo diote eta eguna amaitzeko Bost Gehiago taldearen eta Piarres musikalarien emanaldiak izango dira.
Egun osoan, informazio-mahaiak, bideo emanaldiak, erakusketak eta haurren txokoa ere antolatu dituzte.
Arto-Biltze Besta Nafarroa Behereko Duzunaritze herrian dagoen Jaite baserrian egingo dute.
Bio nekazaritzan ari diren laborariak izan dira bioaniztasunaren eragile nagusiak. Alta, lur-eremu bakoitzaren ezaugarriei egokitutako ekoizpena bermatzea nahi bada, hazien aniztasuna lortzea nekazari orori dagokio.
Beren haziak ekoizten dituzten laborarien kopurua handitzen ari da. Iaz 9 ziren Ipar Euskal Herrian eta egun 40 batek ekin dio haziak gordetzeari. Erdiak gutxi gorabehera, nekazaritza biologikoan dihardu.