GARA > Idatzia > Musika

Musika-irratiak. Fidelizazioa edo «easy listening»

Irrati horiek oso profil antzekoa dute, berehala aspertzen dute eta fidelizazioa gal dezakete segituan. Dialean non dagoen berdin dio entzule mota horri. Irrati markak ez du garrantzirik baina, agian, esatariaren hizkuntzak, euskarak (eta nabarmendu hizkuntz horretan musika duten taldeen presentzia), eraman dezake entzulea irrati batera edo bestera

Ritxi AIZPURU

Musika argitaratzailea

Formula-irratiek, musika-irratiek eta irrati arruntetako musika-saioek konpainia eskaintzeko, informazioa emateko, denbora pasatzeko eta norberaren gustuko kantuak entzuteko balio omen dute. Baina entzule «bereziak» ere baditu musika-irrati batek: musikariak edo musika lanbide dutenak, managerrak... eta musikariaren egoa altxatzeko ere balio du. Zein musika-irratik asetzen du entzulea? Musikari guztiak sentitzen dira gustura gaur egungo musika-irratien programazioarekin? «Informazioa» ematen den musika-saio gutxi dago. Baina ikusita entzuleriaren gehiengoaren gustua... eta horien gustura egiten ei dituzte programazioak; hots, easy listening deritzanak. Irrati horiek oso profil antzekoa dute, berehala aspertzen dute eta fidelizazioa gal dezakete segituan. Dialean non dagoen berdin dio entzule mota horri. Irrati markak ez du garrantzirik baina, agian, esatariaren hizkuntzak, euskarak (eta nabarmendu hizkuntz horretan musika egiten duten taldeen presentzia), eraman dezake entzulea irrati batera edo bestera. Irrati bereziak bilatuko ditu musika desberdinen entzuleak, irrati berezitzaileak. Last FM bezalako Interneteko irratiek arrakasta izango dute. Oraingoz, bi desabantaila dituzte. Bat, teknologikoa. Linea analogiko eta digitala edonon entzun daitezke, baina laster azken belaunaldiko sakelakoekin Interneteko konexioa lortzea posible izango da, eta merkea; beraz, autoan, mendian edo hondartzan entzun ahal izango da, nahiz eta sakelako berberekin dagoeneko entzun daitekeen irrati konbentzionala. Bi, giza alorreko desabantaila gaindiezina da. Jar daiteke ahots digitala, baina inoiz ez du izango irrati-esatariaren goxotasuna edo hurbiltasuna, gustuko ahotsa bada bederen. Bi abantaila musika kartara eskaintzen duen Interneteko irratiarentzat, Last FM adibide hartuta. Bat: nork bere gustuko edo bere profila duen musika entzuteko aukera, eta talde berri asko ezagutzeko parada izugarria (scranbling). Bi, nahi beste informazio. Mendiko herrixka txiki batean baratza arteko bide zidorrean urrunean ikusi nuen agureari kea zerion burutik gora, purua erretzen. Barazki sorta zorroan, eta zarata bat zekarren berarekin, ahotsa eta musika. Alkondarako poltsikoan irrati eramangarria izango du, pentsatu nuen. Zarata entzungarriago egin zenean nire harridura ere areagotu egin zen. Neure buruari: ez da posible, hori Radio 3ko «Siglo XXI» irratsaioa al da? Eta halaxe zen. Ni txundituta. Lehen ikasgaia.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo