GARA > Idatzia > Musika

Ibilbide luzeko artistak, bizitza osoa oholtza gainean

Musika munduan duela zenbait hamarkada hasi eta arrakasta ezagututako pisuzko artistak ditugu gurean egunotan. Donostian, Japan taldeko Sylvian, The Jam taldeko Paul Weller eta Caetano Veloso. Bilbon, John Renborun & Jacqui McShee eta The Waterboys.

p056_f01_153x108.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Goi mailako musika zuzenekoetan oparoa izan ohi da udazkena gurean. Herenegun aurtengo denboraldiari martxa hartzea kostatzen ari zaiola ezan zigun musikazale amorratu batek eta hara, hemen dator kontzertuz gainezka asteburua. Izan Bilbon, izan Donostian, oholtza gainean urte ugari daramatzaten talde andana izango dugu gurean. Kronologikoki, bakoitzaren aipamen labur batzuk egingo ditugu egun zertan diren ikusteko.

Atzo Moskun jotzekoa zen David Sylvian hurbilduko da bihar Donostiara. Gero, Lisboan arituko da igandean. «The World is Everything» izeneko biran dabil Japan eta Nine Horses taldeetako partaidea, laukoan.

Japan taldeko abeslari eta kantuegile gisa nabarmendu zen David Sylvian britainiarra, 70eko hamarkadan txikitako lagunekin taldea sortu eta abangoardia eta cool wave-ko partaide bihurtu zenean. 80ko hamarkada erdialdean taldea desegin eta bakarkako lanak argitaratzen hasi zen eta egun Nine Horsesko partaide dugu.

Japoniako Naoshima uharteko Fukutake arte museoarentzat egindako musika instalazioa du bakarkako azken lana Sylvianek, «When Loud Weather Buffeted Naoshima» izenburua daramana. Nine Horses taldearekin, berriz, «Money for All» disko laburra plazaratu zuen urtarrilean.

Biharamunean, etzi, Caetano Velosoren bisita jasoko dugu. Brasildar irrifartsuak, «Cé» plazaratu zuen iaz, azken sei urteetan kantu propioz atera zuen lehenengoa. Tropikalismoaren sortzailearen 40. lanak rock soinua du eta 19 urteren buruan emazteagandik banatu izana du gai nagusia hitzetan.

Abuztuan 65 urte bete dituen brasildarra Donostiako Jazzaldian izan zen iaz, eta banda berriarekin dator aurten Kursaaleko aretotzarrean jotzera.

Igandean, Musiketan egitasmoaren 15. edizioa jarriko dute martxan John Renbourn eta Jacqui McSheek, Euskalduna jauregian. 60ko hamarkadan debuta egin eta hamarkada bukaeran goia jo zuen Johnek Pentangle taldearekin, orduan folk barrokoa deitu zutena jotzen.

Udazkenak lan astean ere ematen digu zuzeneko musika gozatzeko parada. Asteartean, The Waterboys talde zelta izango dugu Bilboko Arriaga antzokian, Mike Scott buru duela.

Eskoziar eta irlandar musikariak bildu izan dituen taldea 1983an sortu zen partaide iraunkor bakarra duen Mike Scotten inguruan. Hamar urteko ibilbidearen ondoren, 1993an taldeak bere azkenak eman zituen mende hasierarekin batera Mikek berregituratu zuen arte.

Soinuari dagokionez, hiru aro nagusi bizi izan ditu taldeak. Rock musikari emana lehenengoa, «The Big Sound» deiturikoa. Taldea ugaritzearekin batera irlandar folkera lerratu ziren, «Raggle Taggle» garaian, eta bukaeran, berregituraketaren ostean, hasierako rock musika berreskuratu dute. Arriagan, apirilean plazaratutako disko berria aurkeztuko dute, «Book of Lightning».

Paul Weller ere ez da atzo goizekoa. Jam mod talde mitikoko abeslariak Donostiako Victoria Eugenia antzokian joko du asteazkenean. Bakarlari gisa ere ibilbide oparoa egina du Wellerrek azken 17 urteetan. Aurten 1993an argitaratutako «Wild Wood», bakarkako bigarrena, berrargitaratu berri dute luxuzko edizioan. Donostiak zuzeneko akustikoa eskainiko du, Ocean Colour Scene taldeko Steve Cradock lagunarekin batera.

Sarrerak, martxa onean

Errepidean bizitzera ohituak, ez dira nolanahikoak eskarmentudun artistek zuzenekoetarako aukeratu dituzten aretoak. Donostian, esaterako, David Sylvian eta Paul Wellerrek Victoria Eugenia antzoki zaharberrituan joko dute. Lehenengoak martxa onean zeraman atzo salmenta, eta bigarrenak ahitzear zituen. Caetano Veloso brasildarrak ere ahituak ditu aurreko besaulki guztiak, baina Kursaal areto handiagoa denez, bada oraindik aukera atzekoetan. Bilboko Arriaga antzokian ere martxa onean doa Waterboys ikusteko sarreren salmenta.

SARRERA SALMENTA

Paul Weller ikusteko sarrerak ahitzear ziren atzo. David Sylvian eta The Waterboysenak ere martxa onean doaz eta Caetano Velosok, aurreko besaulkiak bete dituen arren, tokia du atzealdekoetan, handiagoa baita Kursaaleko auditorioa.

Fitxa

David Sylvian: Gaur, 20.30ean Victoria Eugenian (Donostia). 14-30 euro.

Caetano Veloso: Larunbata 20, 20.00etan Kursaalen (Donostia). 21-40 euro.

John Renbourn & Jacqui McShee: Igandea 21, 20.30ean Euskaldunan (Bilbo). 11 euro.

The Waterboys: Asteartea 23, 20.30ean Arriagan (Bilbo). 9,60-35 euro.

Paul Weller: Asteazkena 24, 20.30ean Victoria Eugenian. (Donostia). 14-30 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo