Martin Mantxo Ekologistak Martxan
Zor ekologikoa eta indigenen erresistentzia
Kontinente osoa da egoerak kaltetua, baina jatorrizko herriek jasan zuten, eta dute, genozidioa -intentsitate txikiko eta handikoa- neurri handienean
Beste urriaren 12 bat joan berri da. Urrun geratzen da 1992koa, Espainak bere kolonialismoa oinarritu zuen nagusikeria eta genozidio historikoa ospatzen saiatu ziren. Orduan kolonialismo eta genozidio horiek irauten zutela genioen. Nekez susmatzen genuen are bortitzagoak izango zirela.
1996etik (Aznarren gobernuarekin batera) Espainiako enpresa transnazionalak tinko sartu ziren. Espantsionismo horrek 1998tik 1999a arte bere gune gorena izan zuen. Garai hartan Repsolek oso era susmagarrian Argentinako YPF petrolio enpresa eskuratu zuen. Herrialde haietariko askori inposatzen zieten kanpo zorrak haietariko askoren hondamena eragin zuen, lapurreta transnazionalaren bidez eta krisietan ere etekinak lortzen dakiten betiko ustelen bidez. Horietaz aparte, doitze plan ekonomikoek ere Latinoamerikako konpainia asko espainiar eskuetara pasatzearen erantzukizun handia izan zuten. Hala, kontinentean Repsolez gain Iberdrola, Endesa, Union Fenosa, Gas Natural, Telefonica, BBVA, BSCH, Dragados... zabaldu ziren. Harrezkero ezartze horren bitartez arpilaketak badirau, gizarte eta ingurumen eraginak axolatu gabe.
Delakoa gaizki deitutako kanpo zorraren emaitza izan zen. Inposatu, ordainarazi (NMF, egitura planak, presio politiko-ekonomikoak...) eta iraunarazten (NAFTA -Ipar Amerikako Merkataritza Libreko Itunak-, GATT, EPA...) den zorra. Halere, enpresa transnazionalek egindako krimenak ez dira kontuan hartzen. Latinoamerikarrak harrapaketa eta eragin horrengatik balio ikaragarriko hartzekodunak dira. Aste hau kanpo zorraren aurka egiteko aukeratu da.
Egoerak kontinenteari kalte egiten dio, baina jatorrizko herriek jasan zuten/duten, genozidioa -intentsitate txikiko eta handikoa- neurri handienean. Jatorrizko herriek lurraren behar gorria dute. Inguruaren beharra. Eta kanporatzen dituzte, haien lurrak ehiza eta uzta ezinezkoak izan arte murriztuak, edo kutsatuak. Haien bizimoduak eragin latza jasaten du, aurre egiteko edo herri bezala irauteko gai izan gabe. Haien baliabideak ostuak ez direnean, mehatze edo petrolio konpainiek kutsaten dituzte, eta zur-konpainiekin batera ingurumena suntsitzen dute. Zor ekologikoa aztertzeko egin dugun lanaren bidez, jatorrizko herriak zor horren hartzedun nagusiak direla aurkitu dugu. Haiek ere errepresio itzela jasaten dute beren jana eta ingurua ez ezik, natura ere defendatzeagatik. Eta haiexek dira baliabideen eta inguruaren erabilera egokiaren bermatzaile nagusiak.
Aurtengo martxoan Guatemalan ospatutako Abya Yalako (Amerikako) Herri eta Nazio Indigenen III. Topaketan urriaren 12a Herrien Indigenen Erresistentzia Eguna izendatzea erabaki zuten.
Kolonbia osoan bertakoak, afrikar jatorrikoak eta nekazariak eskualdeko hiriburuetara abiatu dira MLHak (TLC) ez sinatzeko exijituz eta indigenen eta nekazarien ekonomiaren aurkako beste politiken kontra. Iazko mobilizazioetan bezala, berriro ere bortizki erreprimituak izan dira: zaurituak, erailak eta ehunka atxilotu. Kaukan armadak zauritu asko eragin ditu, herri ordezkari bat fusilatu, eta Kafe Ekoizleen Elkarteko kide bat ere hil. Araukan paramilitarrek Araukako Nekarien Elkarteko hiru kide exekutatu zituzten. Putumayo, Narino eta Toliman errepresioa gogorra izan da berriro, salbuespen egoera balego bezala. Hala ere, herriak protestan dirau.
Gogoan ditugu, halaber, Araukako u'wa eta guahiben Repsolen aurkako erresistentzia; emberen urtegien eta bioerregaien aurkakoa; bari, yukpa, wayuu eta añuuena Venezuelako Corpozuliaren aurkakoa; pomonena linea elektrikoaren aurkakoa; kichwa, huaorani, shuar, cofanes eta achuarrena Ekuadorko Amazoniako petrolioaren aurkakoa, Argentinako maputxeen eta guaraniena Repsolen kontrakoa; witxi, txorote, txulupi, toba eta tapieteena azpiegituren aurkakoa; Txileko maputxeena Endesa eta zur-konpainien aurkakoa; Boliviako guaraniena Repsol eta beste petrolio konpainien aurkakoa; Guatemalako maiena urtegien eta meategien aurkakoa; Brasilgo Amazoniako kamaiura, xavante eta beste askorena urtegien aurkakoa; kilombola, tupinikim eta guaraniena basamortu berdeen eta paper-fabriken aurkakoa; enawene naweena nekazaritza erregaien aurkakoa; Paraguaiko guaraniena, Peruko ashanika eta atxualena petrolio konpainien kontrakoa; Txiapasko herriena petrolio eta zur-konpainien aurkakoa, navajo eta hopiena nuklear eta termiken kontrakoa... eta beste asko.
Urriaren 25ean eta 26rako Ekologistak Martxan taldeak nazioarteko konferentzia antolatu du zor ekologikoa aztertzeko, non osagai horiek guztiak eta beste asko (energi eredua, txikiagotzea...) aztertu eta «birkolonizazio» hori perspektiban jarriko den. Biharamunean, beste erakunde batzuekin batera, bi enpresa mingarrienetakoren (Repsol YPF eta BBVA) aurkako epaimahai-arrazoibidea egingo dugu. Horretarako inguru kaltetuetatik etorritako lekukoak, herrialde ugaritako ekintzaileak, gai hori aztertzen dutenak eta zuzenbide adituak izango ditugu. Justizia eginez gero, multinazional horiek zigorra jaso ez ezik, beren jarduera zikinak eten ere egin beharko lituzkete.