AHTren inguruko informazio herritarrei emateko kanpaina abiatu dute Anoetan
GARA |
Joan den astean iragarri zuen Anoetako Udalak abenduaren 2an AHTren gainean herri galdeketa egiteko hartutako erabakia. Lehen pausoa herritarrei informazioa ematea izango zela jakinarazi zuten, eta lan horretan hasiak dira. «Herritar gehienek salatu dute instituzio publikoek ez dutela informaziorik eskaini makroproiektu horren inguruan; beraz, hutsune hori bete nahian ekin zaio informazio-kanpaina honi», jakinarazi dute. Kanpaina azaroaren 18a bitartean luzatuko da.
Eztabaidarako tartea
Hurrengo pausoa eztabaidarako tartea irekitzea izango da, azaroaren 19tik 25era. «Aste horretan, AHTren aurka zein alde daudenek makroproiektu honekiko zein ikuspuntu duten jendaurrean azaltzeko aukera izango dute antolatutako hitzaldi eta mahai-inguruetan». Prozesuaren azken pausoa, abenduaren 2an egingo duten herri galdeketa izango da.
Udalak ez ezik, herriko hainbat eragilek ere erakutsi diote bere elkartasuna herri galdeketa honi.