Disko Berriak Aritz Sound System
Ahots afrikarren irribarrea
Zap Mama Afrikako ahots jokoetan oinarritutako taldea da. Musikalki irekia, edozein musika estiloren eragina bereganatzen du. Taldea Marie Daulne-k sortu zuen 1990. urtean. Garai bateko Zairen jaioa (gaur egun Kongoko Errepublika Demokratikoa), oso gazte zela Belgikara eraman zuten bizitzera (belgikarrek 1908tik 1960ra indarrez ustiatu zuten Kongo herrialdea). Marie Daulne bidaiari amorratua da eta urte batzuk AEBetan pasatu izan ditu. Bere bidaietan egindako harremanetatik sortu dira taldearen diskoetan entzun daitezkeen kolaborazioak; Manu Dbango, Speech, The Roots, Erykah Badu, Common, Talib Kweli, eta abar. Taldeak 17 urteko ibilbide luzean aldaketa ugari ezagutu ditu. Hasieratik emakumeen ahots jokoak izan dira taldearen ezaugarri nagusia, nahiz eta denborarekin instrumentazioa gehitzen joan diren.
Taldeko kideen artean ere joan-etorri ugari egon da. Sei disko kaleratu dituzte eta guztietan afrikar ahots jokoak eta erritmoak soularekin, reggaearekin, raparekin eta musika elektronikoarekin uztartu dituzte. Azken disko honetan ere bide hori jarraitu dute eta pop kutsuko doinu goxoekin batera mezu baikorrak zabaldu dituzte. «Munduan gauza onak eta txarrak oreka batean bizi dira. Nik mezu baikorrak zabaltzeko beharra sentitzen dut. Nire kantuak eguneroko gauza txikiez mintzo dira». Mezu baikor horien zabalkundean Michael Franti-ren laguntza izan du azken disko honetan.