Aldaketak hamaikakoan
Zubiaurrek aukera izan dezake Valladoliden kontra jokatzeko
Mendarokoak eskuin hegalean aritu daiteke. Horren ondorioz, Andoni Iraolak aurreratuagoa joka dezake eta David Lopezek erdialdean.
Beñat ZARRABEITIA | BILBO
Athleticera ailegatu zenetik Iban Zubiaurrek ez du lehia ofizial bakar batean titular aritzeko modurik izan. Mendaroarra aurreko denboraldia hasita zegoela iritsi zen Bilbora, baina ez zuen Mane eta Ondarruren konfiantza bereganatzeko aukerarik izan. Horiek hala, talde zuri-gorrian guztira, ordu erdiz baino ezin izan du jokatu Atletico Madrilen kontrako partidan.
Caparrosekin ere ez du inolako aukerarik izan. Vila-realen kontrako norgehiagokarako deitu bazuten ere, ez zuen jokatzeko aukerarik izan. Baina, datorren igandean, luzaroan itxaron duen aukera etor dakioke. Izan ere, Utrerako prestatzaileak Iban Zubiaurre hamaikakoan zelaraitzea darabil buruan. Hau da atzoko entrenamendutik atera daitekeen ondorio nagusia. Gainera, gipuzkoarrak Milanen aurkako lagunarteko lehian erakutsitako joko onak, aukera gehiago ematen dio igandean jokatzeko.
Asteartean, Ustaritz aritu zen defentsako eskuin hegalean. Atzo, Aitor Ocioren osasun arazoak zirela medio¯gasteiztarra gripeak jota dago¯, matienarra zentral postura pasatu zen, eta Zubiaurre hegalera. Oraindik ikusteke dago proba horiek nola irteten diren, eta Ocio sendatuko den, zeinek jokatuko duen jakiteko. Hala ere, argi dago aldaketak egongo direla. Zenbait, halabeharrak eraginda, zigortuta dagoen Del Hornoren tokia, Koikilik beteko baitu.
Zubiaurrek edo Ustaritzek atzealdean jokatuz gero, Andoni Iraolak bere postua aurreratuko du. Dena den, usurbildarrarena ez da postu aldaketa bakarra izango. Izan ere, azken asteotan erabat kolokan egon den David Lopez zelai-erdian aritu baitaiteke. Harrigarria litzateke, leku horretarako aproposak diren Susaeta edota Joseba Garmendia taldean egonda. Badirudi Caparrosek Osasunako jokalari ohiarengan baduela konfiantza, Milanen kontra erakutsitakoaren ostean ¯barnealdetik hiruzpalau jaurtiketa egin zi- tuen¯, Valladoliden beste aukera bat izango baitu.
Tiko eta Yeste arazo fisikoekin
Erdilari nafarrak ez du zorterik. Arrosadiakoak, Caparrosen deialdietatik kanpo gelditzearekin gutxi balu, orain arazo fisikoak ere baditu.
Athleticeko zerbitzu medikoek atzo adierazitakoaren arabera, Tikok zerbikalgia akutua du. Horren ondorioz, ezin du bere taldekideekin lan saioetan aritu, eta bere arazoak konpontzeko gimnasioko lana egiten, eta fisioterapia hartzen ari da.
Bestalde, Fran Yestek gastroenteritis akutua du, beraz, gimnasioan eta bizikiletako lana egiten aritu zen.