Atxiloketa gehiago, bortizkeria gehiago
Atzo Getxon eta Berangon sei gazte atxilotu zituen Poliziak, Baltasar Garzon epailearen aginduz. Gazteak oso ezagunak dira beren herrietan, hala nola gizarte-mugimenduetan. Dirudienez, atxiloketa agindua duela bi urteko eginbideak abiapuntu dituen auzi judizialaren ondorio izan da. Izan ere, beren herrietan bizimodu erabat arrunta zuten gazte horiek. Atxiloketen dinamikak, beraz, bere horretan jarraitzen du, baina, dagoeneko, nekez esan daiteke dinamika horrek inolako gatazkaren konponbidea bilatzen duenik, urte luzeetako dinamika bera delako, sufrimendua luzatzea baino ez dakarren dinamika, alegia. Are okerrago, azken atxiloketak behin betiko konponbideari heltzeko borondate faltaren erakusgarri izan litezke eta, nolanahi ere, testuinguruaren araberako bultzada politikoetako bat. Zuzenbide estatuaren izenean egiten badituzte ere, atxilotuen segurtasuna bermatzeko protokoloak iragarri bazituzten ere, atzoko zenbait atxiloketa egitean hainbatetan erakutsi duten bortizkeria errepikatu zuten; baita atxilotuen etxekoen kontrakoa ere, eskaileretan eskuburdinak jarrita egonarazi baitzituzten.
Errezeta zaharrak ere eragingarriak izan daitezke, baina behin eta berriz alferrikakoak -eta gainera sufrimendu iturri- direla frogatu denean, lehenbailehen aldatu beharrekoak dira.