GARA > Idatzia > Ekonomia

Tokiko ardi-arrazekin diharduten hainbat eragilek mintegia egingo dute Saran

Euskal Herrian hain garrantzi handia duen artzaintzaren garapenaz eta geroaz eztabaidatzeko, mintegia egingo dute Saran. Tokiko ardi-arrazekin lan egiten duten lurralde guztietako eragileak bilduko dira.

p033_f01_148x132.jpg

A.M. |

Euskal Herriko Laborantza Ganberak (EHLG) eta IKTk antolatuta eta Itsasmendikoiren, Urdiñarbeko Artzaintza Zentro Departamentalaren eta Udalbideren laguntzarekin, gaur eta bihar, tokiko ardi-arrazekin lan egiten duten eragileek Euskal Herriko lehen mintegia egingo dute Saran.

Hiru helburu nagusi izango du lehen aldiz antolatu duten mintegi horrek. Lehenik eta behin ardi sailean diharduten eragileen arteko harremana bultzatzea eta lurralde bakoitzeko antolaketa eta funtzionamendua ezagutzea. Bigarrenik, eztabaida-gune bat sortzea lurralde bakoitzak dituen kezkak eta etorkizunerako perspektibak azaltzeko. Eta azkenik, artzaintza esparruaren egoera aztertu eta geroari aurre egiteko hausnarketa eta hastapeneko norabide komunak finkatzea.

Ardatz horietan oinarrituta, lan taldea edo foro iraunkor bat eratzea ere bada jardunaldion asmoa. Hala, mintegian sor daitezkeen egitasmoei eta harremanei segida ematea ahalbidetuko litzateke.

Lurralde guztietan nabaria den kezka da artzaintzaren jardunari eustea eta garatzea, besteren artean, nekazaritza esparruaren garapen jasangarrian sekulako garrantzia duen jarduna baita.

Aktibitate horrek etorkizuna izango badu, belaunaldien berriztatzea ezinbestekoa da eta, horretarako, artzaintza erakargarria egingo duen baldintzak sortzea eta esparru hori berrantolatzea erronka nagusia dela uste dute antolatzaileek.

Egitarau mamitsua

Horiek hala, egitarau aberatsa prestatu dute. Gaur, Lapurdi, Nafarroa Behereko eta Zuberoako, Nafarroa Garaiko eta Euskal Erkidego Autonomikoko artzaintzarren berezitasunak ezagutzeko parada izango da.

Arratsalde partean, hobekuntza genetikoaz, ekoizpenen merkaturatzeaz, kudeaketaz edota lurralde antolaketaz tailerrak egingo dituzte.

Bihar, berriz, lantegietako ebazpenak aurkeztu ostean, eztabaida orokorrari ekingo diote, tokiko ardi-arrazetan oinarritutako artzaintzaren etorkizuna bermatzeko asmoz, lurralde guztien elkarlanerako ildo orokorrak finkatzeko.

Belaunaldi berria

Bertako arrazetan oinarritutako artzaintzaren geroa bermatzeko, belaunaldien berritzea ezinbestekoa dela uste dute. Horregatik, jardun hori erakargarria izan dadin, baldintza egokiak sortu eta berrantolatzeari nola ekin aztertuko dute

Eztabaida

Bihar, lantegietako ebazpenakk aurkeztu ostean, eztabaida orokorrri ekingo diote, tokiko ardi-arrazetan oinarritutako artzaintzaren etorkizuna bermatzeko asmoz, lurralde guztien elkarlanerako ildo orokorrak finkatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo