GARA > Idatzia > Kultura

KRONIKA | ARTISTA GAZTEAK SPACEJUNK GALERIAN

Arte garaikide eta urbanoa Baionako artista gazteen eskutik ikusgai Santu Ezpiritun

Hiri kultura eta lerra arteari eskainiriko Spacejunk kolektiboak, eskualdeko artista gazteen lanen erakusketa antolatu du beren Santu Ezpiritu auzoko galerian. Kolektiboaren lan esparru ezberdinak elkarturik, hainbat artista gaztek haien lanak erakutsiko dituzte larunbata arte.

p050_f01_199x84.jpg

Eneritz ZABALETA

Grafitia, komikia, hiriaren ingurunea. Horra, besteak beste, Spacejunk artista gazteak batzen dituen kolektiboaren oinarriak. Hiri kultura, bazterreko auzo handietan sortutako espresio urbano modernoa, artea dela erakustea du helburu Spacejunkek. Hori dela eta, iragan asteburuan hasi, eta hurrengo larunbata bitarte, kolektiboko artista gazteen lanen erakusketa antolatu du kolektiboak Baionako Santu Ezpiritu auzoan duen galerian.

Erakusketa honetan erakusleiho bat eskaini nahi die kolektiboak, orain arte beraien artea plazaratzeko aukera arrunt gutxi izan duten eskualdeko artista gazteei. Orotara, bederatzi dira bertan beren lanak erakusten dituzten artista gazteak. Eskualdekoak dira denak. Gehienak Baiona ingurukoak, eta Euskal Herrikoak. Baina, badira Pirinio ingurukoak edo Landesetakoak ere. Denak, halere, hasiberriak dira artegintzan, eta anitz oraindik, arte eskolan daude.

Graffa eta arte garaikidea

Artista hauek batzen dituena, kultura urbanoa, edo lerraren kultura deritzon mugimenduak dira. Ondorioz, haien artelanetan, graffaren, komikiaren edo styloaren eragina nabaria da. Baina, orokorrago harturik, arte garaikidearen mugimendu handiaren barnean sartzen dira Baionan ikusgai diren lanak.

Erakusketan parte hartzen duten artistetariko bat da Aurélien Desbois gaztea. Haren lanek, komikiaren eta koloreen eragina dute: «nik hasieran graffa egiten nuen karriketan. Oso barnean dut kutsu hori. Orain, taula gainera pasatzen ari naiz, eta graffaren eragina murrizten ari da. Marrazketari garrantzi handiagoa ematen diot. Akrilikoa lantzen dut, styloa ere bai». Desbois, baliabide gutxirekin dabil lanean, eta pintura taula garestiak ezin erosirik, bestelako baliabideak erabiltzen ditu: «skate taulen gainean egiten ditut tinduak. Lagun bat skater profesionala da, eta haren taula zaharrak ematen dizkit. Alde batetik, berezia da horrela lan egin beharra, baina bestetik, soporte berri batean tindatzeko aukera ematen dit».

Desboisen kasuan bezala, erakusketan ikusgai dauden lan gehienak, bonba pinturaz edo arte garaikidearen estilo koloretsuan eginda daude. Hala ere, badaude bestelako lan esparruak lantzen dituzten artistak. Boris Labbé da haietariko bat. Paper luze eta zabalean, arkatzez egindako lanak aurkezten ditu erakusketan: «arkatzezko lan hauetan, paradoxa, dekalagea landu nahi izan dut. Papera oso handia da, eta gaizki moztua, zaindu gabea. Baina, arkatzezko marrazkiek arkatzaren fintasuna gordetzen dute. Oso marrazki finak dira, xehetasunean landuak», dio Labbék. «Lanean giza anatomia landu dut, arte klasikoaren lanetan inspiratuta. Baina, klasikotasun hori mozten saiatu naiz beti, elementu surrealistak marraztuz. Klasikotasunaren eta surrealismo horren nahasketa bilatu dut etengabe». Labbé, oraindik arte eskolan dabil, eta lehen erakusketa du. Ongi laburbiltzen du erakusketaren izpiritua, artista gazteak bildu baititu Spacejunk kolektiboak; street art edo arte garaikidean oinarritzen diren artistak. Baina, denek dute beren lanari eransten dioten elementu bereizgarriren bat: komikia, bonba pintura, marrazkia, graffa... baita arkatza ere. Orotariko lanak izanen dira ikusgai aste honetan. Lan gazte eta freskoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo