GARA > Idatzia > Euskal Herria

Vicente Riparen etxeari eta Andoaingo alkatearen alabaren autoari eraso diote

Ondarroan beste eraso bat izan zen bart. Ezezagun batzuk udal batzordeko lehendakari Felix Aranbarriren autoa erre zuten gaueko hamarrak baino minutu batzuk lehenago.

GARA |

Nafarroan Gobernu espainolak duen ordezkari Vicente Riparen etxeari sabotajea egin diote astearte gauean. Bi kanpingas, indar handiko lau suziri eta lau kiloko pintura lata erabili zituzten Miranda Arga herrian duen etxearen kontrako erasoan. Goizeko ordu biak aldera jazo zen eta ez zen kalte pertsonalik izan; kalte materialak ere, urriak izan ziren.

Lehergailua, garajeko atearen ondoan zegoen eta eztandaren ondorioz, garajeko atea zein eraikina bera belztu ziren eta sua eragin zuen.

Alta, Ripak berak itzali zuen sua, Guardia Zibila eta suhiltzaileak bertaratu aurretik.

Halaber, honakoa ez da azken orduetan jazotako eraso bakarra. Gipuzkoako Andoain herrian, alkatearen alabaren autoaren kontrako sabotajea egin zuten astearte iluntzean eta atzo gauean Ondarroa gobernatzeko batzordeko lehendakari Felix Aranbarriren autoa erre zuten.

Andoaingo sabotajea, gauerdi aldera gertatu zen, hainbat lagunek autoaren azpialdean lehergailu bat jarri eta sua eragin zuten. Suteak autoaren atzealdea, gurpil bat eta eserlekuak kaltetu zituen eta suhiltzaileek, Ertzaintzak eta Andoaingo Udaltzaingoak bertara joan behar izan zuten su-garrak itzaltzera.

PSE alderdiko Jose Antonio Perez Andoaingo alkatea da, hain zuzen ere, eta gogor gaitzetsi zuen alabaren autoaren kontrako erasoa. «Halakoak jasatera ohituta gaude. Andoainen bost lagun hil dizkigute», adierazi zuen. Hala, alaba ohituta ez dagoela eta orain «suntsituta» dagoela aitortu zuen. Gainera erasoaren egileek «ordaindu» egingo dutela baieztatu zuen, haren irudiko, «Zuzenbide Estatua gogorra izango delako».

Ondarroako gertakariak 21.40ak aldera jazo ziren Txorierreka kalean. Bizilagunek Ertzaintzari emandako abisuaren ondoren, poliziak bertara gerturatu eta autoa, Ford Maverick bat, mugitu egin zuten, ondoan zituen beste autoei kalte gehiago ez eragiteko. Suhiltzaileek, azkenik, sutea itzaltzea lortu zuten. Aranbarrik berak irrati batean adierazi zuen azken asteotako giroa ikusita espero zitekeela zerbait gertatzea. Hala ere, larritasuna kendu zion egoerari erasoa autoaren kontra bakarrik izan zelako.

Gaitzespenak

Miranda Argan gertatutako erasoa berehala gaitzetsi zuen Gobernu espainoleko Ordezkaritzak eta «gizartea beldurtzeko xedea badute, alferrik dabiltza», ohartarazi zien erasoaren egileei. Ripak berak «lehen bezala» jarraituko duela berretsi zuen. PSNko idazkari nagusi Carlos Chivitek PSOE «indarkeriarekin zorrotza» izango dela adierazi zuen. Nafarroako presidente Miguel Sanzek «demokraten batasuna» galdegin zuen «eraginkortasun poliziala lortzeko».

Andoainen jazotako erasoak ere hautsak harrotu zituen eta alderdi eta erakunde ugariren arreta erakarri zuen. EAJren aburuz, halako gertakariek «normalizaziotik eta bake agertoki batetik aldentzen gaituzte». Antzera deritzo EBko Gipuzkoako koordinatzaile Antton Karrerak. Haren irudiko gainera, eraso «faxista» izan zen Andoainen gertatu zena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo