GARA > Idatzia > Zinema

Film luze zein laburrak, solasaldiak eta tailerrak, IV. Euskal Gidoiaren Astean

A. A. | DONOSTIA

Euskal zinemagintzaren atzeko aldea ikusleei erakustea. Helburu horrekin heldu diote aurten ere Euskal Gidoiaren Asteari, dagoeneko bere laugarren edizioan. Aurtengoan, gainera, Bilbon egin ohi diren proiekzio eta solasaldiez gainera, Donostian ere ekintza parareloa izango da, Patxo Telleriak euskarazko gidoien gaineko tailerra eskainiko baitu bertan.

Datorren asteartean hasi eta larunbatera bitartean, Bilboko El Carmen aretoa izango da ekimen nagusiak hartuko dituena. Euskal zinemako emanaldiak egin eta horien zuzendari zein gidolariekin solasean aritzeko aukera izango dute ikus-entzuleek. Besteren artean, Miguelantxo Prado («De profundis»-en zuzendaritza eta gidoia), Belen Lotepegi («Una mujer invisible»-ren gidoia) eta Rodrigo Cortesek («Concursante»-ren, zuzendaritza eta gidoia) hartuko dute parte. «Aupa Etxebeste!» filmeko zuzendariak, Asier Altuna eta Telmo Esnal, eta gidoilarietako bat, Pablo Bueno, ere izango dira Euskal Gidoiaren Astean.

Proiekzio eta mintzaldi horiez gainera, asteazkenean La Dragan Caostica film laburren jaialdiak utzi duena izango dute aztergai.

Antolatzaileen hitzetan, garrantzizkoa da publikoak langile hauen lana ezagutzea. Azaldu dutenez, «gure dimentsioa txikia izanda ere, euskal gidoilariok hamar urte daramagu foro ezberdinetan gure ahotsa altxatzen» eta «kolektibo ahuldua garen arren, egindako lanak bere emaitzak izango dituela uste dugu».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo