GARA > Idatzia > Kirolak

Bat Formula Brasilgo Sari Nagusia

Ordagoa bota aurretik, ikusi egin behar da nola banatu diren kartak

Hamiltonek bere esku du debut urtean munduko txapeldun izatea, baina Alonso eta Raikkonen ere beren aukerak probesten saiatuko dira Interlagosen

p045_f01_148x116.jpg

GARA | INTERLAGOS

Shangaiko zirkuitoan erabakitzeke geratu zen Bat Formulako 2007ko munduko txapelketa, gutxien espero zitekeenean lasterketatik at geratu baizen Lewis Hamilton. Inork uste ez zuela, Japonian galdutzat laga zituen aukerak berreskuratu zituen Fernando Alonsok, eta Raikkonenek ere irabazle izateko modurik badaukala ikusi zuen.

Txinako lasterketa amaitu zenez geroztik, emozioak goraka egin du, aspaldiko partez, hiru pilotuk munduko txapeldun izateko parada baitute. Alabaina, azken bi asteetan «ordago» asko entzun bada ere, kartak nola banatuta dauden ikusi behar da irabazle ateratzeko aukera gehien zeinek duen ikusteko.

Lewis Hamiltonek esperientzia falta izango du, McLaren taldean demaseko erauntsia bizi da, eta Txinan hankasartze galanta egin zuen. Hori guztia leporatu dakioke britainiarrari. Sekula ere ez du halako presiorik eraman behar izan, eta Alonso eta Raikkonen inguruan izateak derrigor urduritu behar du.

Horrek, ordea, ez du liderra bera denik ezkutatzen. Lau garaipen erdietsi ditu eta 12 aldiz izan da podiumean. Bera izan daiteke debut urtean munduko txapeldun izaten aurrenekoa. Ondorioz, Hamilton da faborito nagusia.

Interlagosen irabazi edo bigarren eginez gero, txapeldun izango da. Alonso kontrolatzea izan beharko da bere obsesioa. Helburu hori lortuta, nekez egingo dio ihes txapelketak.

Zirkuitu egokia Alonsorentzat

McLaren eskuderiak dauka inork baino aukera gehien aurtengo munduko txapelketa irabazteko. Hamiltonek huts egingo balu, pentsatzekoa da Alonsok aprobetxatuko duela aukera. Bestela, sorpresa nahiko ezatsegina izango litzateke Ron Dennisen taldearentzat.

Dena dela, argi ibili beharko du Hamiltonek Alonsorekin. Interlagos oso zirkuitu gustukoa du asturiarrak, han erdietsi baitu azken bi urteetan munduko txapelketa.

Lau puntu atzerago dago egungo txapelduna. Beraz, hirugarren autoren batek mesede egin beharko dio Alonsori ingelesa gainditzeko. Hots, Alonsok irabaziz gero, hirugarren izan beharko du Hamiltonek. Honela, puntu berdinketa izango litzateke, baina asturiarrak irabaziko luke garaipen gehiago lortzeagatik. Bigarren eginez gero, berriz, Hamiltonek seigarren sartu beharko luke.

Alonsok oso lan txarrak baditu bere taldekidea gainditzeko, are okerragoak egokitu zaizkio Ferrari eskuderiako Kimi Raikkoneni. Finlandiarrak bost lasterketa irabazi ditu, baina erregulartasuna falta izan zaio.

Ondorioz, baldintza asko bete beharko dira Raikkonen txapeldun izateko. Irabazteaz gain, Alonsok hirugarren izan beharko du, eta Hamiltonek, aldiz, seigarren. McLareneko autoren batek lasterketa uzten ez badu, nekez beteko dira baldintzok.

Zenbait gako aurki daitezke lasterketa bezperatan. Batetik, entrenaldiek garrantzi eskerga hartuko dute hiru hautagaientzat. Aurretik hasteak ez du ezer ziurtatzen, baina lasterketa kontrolpean eramateko balio lezake Hamiltonen kasuan.

Bestetik, hautagai ez diren pilotuek izango dute esatekorik. Esaterako, Raikkonenek Felipe Massa taldekidearen laguntza izan lezake. BMW-Sauber taldeko Heidfeld eta Kubica espezialistak dira irteeretan. Hamilton atzean utziko balute, auskalo zer gerta litekeen.

Horra hor kartak. Horra hor bakoitzari zein aukera dagokion. Has daitezela ordagoka!

La tendencia a la izquierda, una exigencia añadida de Interlagos

El circuito de Interlagos decide el Mundial de Fórmula Uno. Este trazado tiene la característica de que se recorre en el sentido contrario a las manecillas del reloj.

Esta circunstancia supone una exigencia añadida a los pilotos, habituados a trazados con más curvas a derechas. La suciedad del asfalto y las zonas donde es posible adelantar son otros de sus rasgos característicos.

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo