Lau eta Erdikoa
Sekreturik ez, buruz buru lehen aldiz lehiatuko diren arren
Oinatz Bengoetxeak eta Mikel Goñik igandeko partidarako pilotak aukeratu eta zein estrategia baliatuko duten azaldu zuten atzo Eibarko Astelena frontoian
Aritz SORZABAL | EIBAR
Buruz buru ez dira inoiz lehiatu, baina oso ondo ezagutzen dute elkar. Izan ere, Oinatz Bengoetxeak eta Mikel Goñik garbi utzi zuten atzo badakitela zein joko egin behar duten aurkaria gailentzen saiatzeko.
Pilota aukeraketa dela-eta, bi aurrelariak Eibarren elkartu ziren goizean, kazetari, argazkilari eta kamera askoren begiradapean. Zale dezente hurbildu zen ere, pertsona helduak bereziki. Lau eta Erdiko txapelketa final-zortzirenetan dago oraindik, baina datorren igandeko partida ez dago final batek sortzen duen ikusminetik oso urruti. Astelenan bildutako jende kopuruak hala frogatu zuen.
Leitzako pilotariak bi «Punpa» aukeratu zituen: 103,7 eta 104,4 gramokoak, hain zuzen ere. Oronozkoak, berriz, bi «Cipri» hartu zituen saskitik: 105,9 eta 104 gramokoak. Bengoetxeak behetik azkar ibiltzen den materialaren aldeko apustua egin zuen; Goñik, ordea, frontisetik irteera handia duten pilotak baina behetik gutxi ibiltzen direnak aukeratu zituen.
Pilotekin gora eta behera aritu ondoren, adierazpenen txanda etorri zen. Bengoetxeak ez zuen eragozpenik izan bere aurkariaren gaitasunak aipatzeko. «Sake bortitza du, bizkorra. Gero piloteoan indar handia ematen dio pilotari, eta pentsatzen dut `topera' irtengo dela, pilota astintzen. Indar horri diot errespetua», esan zuen.
Dena dela, bere buruan konfiantza osoa duela nabarmendu zuen. «Aurreko kanporaketan Labriten partida ona egin nuela uste dut, eta gogotsu nabil. Lau eta Erdikoa nire ezaugarriei ondo egokitzen zaion modalitatea da eta espero dut, barruan dudan guztia aterata, igandean irabaztea», erantsi zuen.
Goñik, aldiz, ilusioz beteta dagoela eta Bengoetxea egun aurrelari onentsuenen artean dagoela nabarmendu zuen. «Frontisetik ahalik eta urrutien izaten saiatuko naiz. Oinatzek aurrean pilota hartuz gero, akabo», aipatu zuen.
Xala eta Del Rey
Bestalde, Xalak eta Del Reyk ere pilotak aukeratu zituzten Tolosako Beotibarren. Xalak bi «Punpa» hartu zituen -103,8 eta 105,1 gramokoak-; Del Reyk, berriz, 104,5 gramoko «Cipri» bat eta 105,5 gramoko beste pilota bat.
Del Reyk ez duela «ezer galtzeko» agertu zuen. Xalak, aldiz, «partidaz partida» joan behar duela esan zuen.
Galarreta
Deportivo
Errotxapea
Huarte
Egia
Azkoitia (22.15)
Olazti (20.00)
Hondarribia (22.00)
Markina (22.30)
Errotxapea (18.00)
Imanol Agirrek eta Asier Berasaluzek hasiera emango diote gaur Lau eta Erdiko final-zortzirenei. Azkoitian izango da norgehiagoka (22.15, ETB-1).
Pubisean izandako arazoak direla-eta, ia hilabete jokatu gabe egon ondoren, Patxi Eugi bihar bueltatuko da berriro kantxetara. Errenterian izango da (17.00).