GARA > Idatzia > Kultura

1959ko «Western Basque Festival»-en kronika dakar Miel A. Elustondok

Nevadan (AEB) 1959an egin zuten euskal jaialdia hartu du bere idazlanaren oinarri. Bost mila lagundik gora bildu zituen hitzordu hartako lekukoen elkarrizketak ezezik, agiri zein argazkiak ere baditu liburuak.

p052_f01_148x088.jpg

Izaro AULESTIARTE | DONOSTIA

Joseba Jaka V. Literatur Bekaren sariduna izan zen Miel A. Elustondo azpeitiarra, eta Euskalgintza Elkarlanean fundazioari aukera horrengatik eskerrak eman, eta aurkeztu berri du orain «Western Basque Festival. 1959 urte hartan gertatu zen» izeneko liburua, Susak argitaratuta.

Urte hartako ekainaren 6an eta 7an Sparks-en (Nevada), Reno ondoko herrian, egin zen izen bereko euskal jaialdia hartu du bere idazlanaren gai eta helburu. «Ez nintzen bila abiatu. Urteen joan-etorrian historia eta istorioek sustrai-erroak egin dituzte nire barruan, arbola egin ditut nik, eta haren fruitua ekarri dizuet liburu honetan», aipatu du.

Bitxikeria gisa, gainera, idazleak gogorarazi du bere bizitzan AEBetan egindako lehenengo elkarrizketa, orain dela hamabost urte, 59ko jaialdi hura egin zen lekuan bertan egin zuela.

Kasino giroan

Bost mila lagun baino gehiago bildu ziren aurreneko Western Basque American Festivalean. AEBetako euskaldunek ordu arte eginiko ospakizun handiena izan zen. Harrezkero, Kalifornia, Idaho eta Nevadako herri askotan euskaldunak urtero jai haren antzekoak egiten hasi ziren.

Baina, nola, edota nori otu zitzaion hitzordu hura lehenbizikoz prestatzea? Hori ere argitzen du Elustondok: Dick Graves eta Flora Agirre senar-emazteek Nugget kasinoa sortu zuten Sparksen 1955an. Hiruzpalau urte geroago, zazpi lagun elkartu zituzten kasinoan: Peter Echeverria senatari demokrata, Robert Laxalt idazlea eta bere anaia John, Peter Supera, John Micheo, Martin Esain eta John Ascuaga. Haiek deitu zituzten estatu ezberdinetako adiskide euskaldunak, gonbidatu zituzten Frank Grant Sawyer Nevadako gobernadorea, Estatu espainol eta frantseseko enbaxado- reak Washingtonen (Jose Maria Areilza eta Herve Alphand)..., eta hala egin zen jaialdia. Jon Oñatibia joan zen New Yorketik erbesteko Eusko Jaurlaritzaren izenean eta Castor Uriarte Bilbotik, Euskaltzaindiaren izenean.

Kronika apurtua; dokumentala

Idazleak hamabost urtean jaialdi haren albiste, datu eta xehetasunak batu ditu -lekukoak elkarrizketatuz, agiriak eta kazetak bilduz...-, bere esanetan, «konturatzeke». Ibilbide honetan bildu ondarea dakar beraz liburuak, «jaialdi haren kronika apurtua -zehaztu du-. Ez dut, zuzen, bildu dudan bezala kontatu, baina bai antzeko. Ez dut saio akademikoa idatzi, literario espekulatzailea baizik. Libertate handiz jokatu dut, neure buruarekin, adibidez. Pixkanaka-pixkanaka osatu dut festibal haren mapa mentala, eta halaxe eman nahi izan diot irakurleari».

Kronika baino gehiago, nolanahi ere, Susako editore Gorka Arresek uste du liburua dokumentala dela, «gustura grabatuko genukeen dokumental gisa egituratuta dago». Elustondok urteotan egindako ikerketa lana aintzat hartuta, dena den, saiakeratik ere baduela iritzi dio.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo