Josu Imanol Unanue Astoreka Gizarte ekintzailea
Armeniarren tragedia
Gaur egun ere ezinezkoa da genozidioaz berba egitea, gutxiago Turkian bertan. Azken egunotan jasotako berrien arabera, hainbat ekintzaile armeniar atxilotu eta jipoitu dituzte, gertatutakoa gogoratzeko kalera atera direlako
Noizbait Jerusalemera joan eta bertako alde zaharreko armeniarren auzotik ibiltzen dena azkar konturatzen da horma askotan 1915-17 urteen bitartean, gehien bat Anatolian, turkoak egindako sarraskia salatzen dela kartelen bidez. Egia esan, norbait gustura dabilenean, oporrei etekinak atera nahian, gaitza izaten dela horretaz konturatzea, irakurri dakarrena eta hausnarketa bat egitea. Baina, azken finean, europarrak gara eta laster, gainera, Turkia ere Europar Batasun Ekonomikoan izango denez, beharrezkoa dugu gertatutakoa ezagutzea.
Urte horietan milioi bi armeniar erail zituzten. Herri oso bati egindako eraso bortitzez ari naiz berbetan, Ismael Enver militar turkoak bideratutako genozidioaz, mundu osoak isildu eta isiltzen duenaz.
Gaur egun ere ezinezkoa da horretaz berba egitea, are gutxiago Turkian bertan. Azken egunotan jasotako berrien arabera, hainbat ekintzaile armeniar atxilotu eta jipoitu dituzte gertatutakoa gogoratzeko kalera atera direlako.
Baina hala edo bestela, Turkiak begiak Europar Batasunean jarrita dauzka. Europar agintariei berdin zaie Turkiak oraindino ez badu bermatzen baldintza demokratikorik. Ez daude, bada, Europa handi horretan Espainia, Polonia, Frantzia edo antzeko estatuak? Gainera ez dira lehenengo etekin ekonomikoak giza eskubideak baino? Beraz, ez daukat inolako zalantzarik, Turkiak ere onartua izateko aukera handiak ditu.
Ez nago esaten han bizi direnak europarrak ez direnik, azkenean neuk ere ez daukadalako argi bertakoa naizen ere, baina bai azaltzen dut Europaren mugak oraindino ez daudela argi. Esan dezakegu egunen batean eta bertokoei interesatzen bazaigu gehiago irabaztea eta etekin ekonomiko handiagoa ateratzea beharginengandik, ziurtzat eman dezakegu, Europar Batasunak hazkunde nabaria izango duela, agian Asiako edo Afrikako herriak ere barruan sartzeraino.
Kezkatzekoa bada ere, Europan izateak ez du eskubiderik bermatzen: Europan torturak ondo finkatuta daude, estatu terrorismoa eta langileen esplotazioa ere bai, ez dago adierazpen askatasunik, ezberdintasun sozialak mantentzen eta bultzatzen direlako eta, nahiz eta legeak sortu, ez dutelako guztion berdintasuna bultzatzen. Are gehiago, hemen holakoak salatzea eta frogatzea oso zaila delako, azkenean disidentzia osoa zigortzen dutelako.
Turkiak eta Espainiak badauzkate onartzeko istorio propioak oraindik eta nolabait kaltetuei barkamenak eskatzeko, PPko askok eta askok, baita PSOEkoak ere, ukatzen dituztenak. Hor daukagu nola txalotzen eta justifikatzen duten berrogei urteko diktadura eta berak jarritako monarkia. Zer esan oraindino Espainiako gerra bortitzaz, aipa ezin daitekeena haserrea piztu barik.
Horrexegatik Armeniari buruzko kartelak hormetan ikusterakoan nire herriaren errealitate gordinarekin gogoratu naiz, baita munduko herri txiki askok bizi dutenarekin. Batzuentzat neurriz kanpokoa da konparazio hori. Baliteke, baina azkenean han eta hemen ere badaude egindakoak justifikatzen dituztenak, eta guztiok gaude Europari begira, bertan egoteak bermatzen duelakoan guztion eskubideak.