GARA > Idatzia > Euskal Herria

Erasoak «borondate demokratikoa onartzen ez dutenen alternatiba» dira Lakuaren ustez

GARA |

Ondarroako Udala gobernatzen duen batzordeko lehendakariaren autoari su eman ostean, ohikoak diren «erabateko gaitzeste» mezuek oihartzun mediatikoa eskuratu dute.

Lakuako eledun Miren Azkarateren aburuz, era honetako ekintzak egitea «euskal gizartearen borondate demokratikoa onartzen ez dutenen alternatiba bakarra da».

Alta, adierazpen hauen harira, gogoratzekoak dira maiatzaren 27ko hauteskundetan izandako emaitzak. EAE-ANV izan zen Ondarroan garaile ateratako indar politikoa, gehiengo osoz gainera. Baina auzitegi espainolek zerrenda hau baliogabetu zuten, eta beste alderdiek ez zuten kargurik hartu. Gauzak horrela, Bizkaiko Foru Aldundiak EAE-ANVko ordezkaritza alboratu zuen kudeaketa batzordea eratu zuen uztailean; ordutik da bertako lehendakari Felix Aranbarri jelkidea.

«Intolerantzia eta indarkeriaren erabileran kokatuta» daudenei era demokratikoan aurrera eramandako eztabaida politikoak «ondoeza» sorrarazten diela deritzo Azkaratek. Era berean, ekintza hauen egileak jazartzeko Ertzaintzak «konpromiso osoa» duela berretsi zuen. Une honetan «amore ez ematea» eta «ideien eztabaida zilegia bultzatzea» dira haren irudiko eginbeharrekoak.

Lakuako Barne Saileko buru Javier Balzak Ondarroako erasoa «terrorismoa» dela deritzo. Izan ere, haren ustez, «oinarrizko giza eskubideen urraketa» gertatu da erasoarekin.

«ETAren eta kale erasoen egileen artean harreman zuzena» dagoela iritzi dio Balzak, horretan «dudarik ez» duela dio. Era berean, ETAren atentatuak zein azken egunetako kale erasoek «iraganerako erabateko itzulera» dakartela uste du.

Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbaok «indarkeria ekintza» gisa definitu zuen sabotajea eta haren ustez «erakunde demokratiko ororen aurkako» erasoa izan zen.

Aralarrek ere gaitzetsi egin zuen Ondarroako erasoa, eta «bakea eta elkarbizitzaren aurkakoa» dela iritzi zion. Alderdi honek, gainera, «xantaia eta mehatxua» onartzen ez dituela gaineratu zuen.

Iñaki Santamaria Ondarroako udal kudeaketa batzordeko EBren ordezkariaren ustez, erasoaren egileek «sufrimendua gizarteratu» egin nahi dute. Hala, indarkeria mota hori «mafiosoa» dela iruditu, eta ezker abertzaleari horrelakoen aurrean «geldirik ez» egoteko eskatu zion. Era berean, «demokraziaren eta bizikidetzaren kontrako atentatuak» dira EAren aburuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo