Behatokiak onartezintzat jo du Lakuak Hezkuntzan egin duen lan deialdia
Hezkuntza Departamentuak onartu duen deialdiari hutsuneak atzeman dizkio, batez ere, Lanbide Heziketan. Arlo horretan hiru irakasle berrietatik batek ez du eskolak euskaraz emateko gaitasunik izango.
Maider EIZMENDI |
Azken asteetan zurrunbiloa eragin duen irakasleentzako lan deialdia «onartezina» dela uste du Behatokiak, are gehiago, «abiapuntua zein den ikusita».
Lakuako Hezkuntza Departamentuak asteartean eman zion balekoa lan deialdiari. Lehen azterketa egitea nahikoa izan du Behatokiak, hizkuntza eskubideari dagokionez, hutsune handiak dituela ohartarazteko. Izan ere, erakundeko zuzendari Paul Bilbaok eta Arantza Haranburu kudeatzaileak aditzera eman dutenez, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Lanbide Heziketan eta Hizkuntza Eskoletan lana izango duten 614 irakasleen «%10,10ek ez dute hizkuntza gaitasunik izango ikasgaiak euskaraz eman ahal izateko». Nabarmendu dutenez, ordea, hezkuntza alor batetik bestera, alde handiak daude. Egokitzat jo dute, esaterako, DBHrako egindako deialdia, «guztiei eskatzen zaielako hizkuntza eskakizuna». Aitzitik, Lanbide Heziketari dagokionez, kezkatuta agertu dira; izan ere, lana eskuratuko dute irakasleen %37,5ek ez baitute hizkuntza gaitasunik izango eskolak euskaraz emateko.
Alde horretatik, egun ere, «EAEn gabezia handienak Lanbide Heziketan» daudela nabarmendu dute eta «egoera horri irtenbidea eman beharrean, lan eskaintza hori egitea» kritikatu dute.
Behatokiko arduradunek gogora ekarri nahi izan dute 2005ean Europako Kontseiluko Ministroen Batzordeak egindako gomendioa. «Euskarazko irakaskuntza handitu behar zela esan zuten, bereziki Lanbide Heziketan, beraz, ez dugu ulertzen deialdi hori», adierazi zuten.
Halaber, orain bi aste eskas Lakuak «Europako Kontseilura matrikulen joeraren inguruko txosten bat bidali» eta zuen proiektuaren inguruko daturik ez ematea kritikatu zuen.
Horren haritik, zera galdegin zien: «Matrikulazio datuek agerian uzten badute gero eta gehiago direla D ereduan matrikulatzen diren ikasleak, zer eskaini behar diogu Lanbide Heziketara iristen direnean?».
«Kexak jasotzen»
Datu zehatzak eman, eta Arantza Haranburuk Lanbide Heziketako hainbat espezialitatetako eskaintza aztertu zuen. Adibide gisa aipatu zuen sukaldaritza eta gozogintzan eskaintzen diren 12 postuetatik hiruk besterik ez dutela hizkuntza eskakizunik, edota soldadutza arloan eskaintzen diren bederatzietatik lauk baino ez dutela. Beste arlo batzuetan, osasun prozesuetan esaterako, bederatzi postu eskaintzen badituzte bostek dute eskakizuna.
Behatokiko ordezkariek lan eskaintzaren berri Europako Kontseiluko adituei emateko asmoa adierazi zuten, eta aurrerantzean, orain arte bezalaxe, «euskaraz ikasi nahi eta ezin duten Lanbide Heziketako ikasleen kexuak batzen jarraituko» dutela adierazi zuten.
Lanbide Heziketako hainbat alorretan hizkuntza eskakizuna duten postuak oso gutxi dira. Sukaldaritza eta gozogintzan, esaterako, hartuko dituzten 12 irakasleetatik hiruri baino ez diete eskatuko.
Europako Kontseiluak lehen ere egina du euskarazko irakaskuntza handitzeko gomendioa, batez ere, Lanbide Heziketan. Behatokia, ez du ulertzen, beraz, egindako deialdia.