GARA > Idatzia > Kultura

1924ko greba 2007ko musikaz jantzi du Judith Farres DJak

Translatines jaialdiak era guztietako antzerkiari txokoa utzi nahi dio. Asteazkenan, jaialdiaren lehen egunean, ederki ikusi zen hori. Agathe Alexisen «Dans l´ombre» lanarekin batera, Judith Farres DJ katalanak, Eisensteinen «La huelga» filmaren erremixa izan ziren bertan.

p053_f01_97x100.jpg

Eneritz ZABALETA | BAIONA

Ahotsik gabeen erakusleihoa da Baionako eta Biarrizko Translatinez antzerki jaialdia. Asteazkenean, jaialdiko lehen egunetik, gainerako antzerki eskaintzarekin alderatuta, Translatines desberdin egiten duen ikutu berezia eskaini zieten antolatzaileek ikusleei. Bi obra zeuden ikusgai. Baionan, Susana Lastreto Prieto gidoigilearen testuan oinarrituta, Agathe Alexis frantziarrak eraikitako antzerkilana egin zuten. Uruguaiko diktaduraren aipua, Argentinako begietatik. Biarritzen, berriz, Judith Farresen performance-az gozatzeko aukera izan zen.

Farres DJ katalanaren lana gutxi ikusten den horietakoa da. Translatines jaialdiak gustukoak dituen lan ausart eta desberdina. Serguei Eisenstein zinemagilearen «La huelga» 1924eko filma hartu du oinarri gisa Farresek haren ikusgarria burutzeko. Ahotsik gabeko filma da azken hori, eta Kataluniako DJ gazteak, musika sanpleak uztartuta burutzen du haren performance-a. «Proiektua erdi kasualitatez iritsi zen. Iaz, ahotsik gabeko filmen jaialdi batean egon nintzen. Bertan, ahotsik gabeko film bati musika ezartzeko ideia etorri zitzaidan», Farresen hitzetan, zoriak ere zerikusia izan zuen «La huelga» lanean.

Musika filmak eramana

Eisensteinen lana 1920 hamarkadako gatazka sozialen erakusle gordina da. Filmaren aukeran indar hori nabarmendu zen Farresek: «Filmak arrastoa utzi zidan barneraino. Ardura sozialeko obra da. Gaur egungo edukiekin alderatuz gero, ez dauka artifizialtasunik. Oso errealista da. Ez dago protagonistarik, ez dago pertsonaia zintzoa edo gaiztoa. Egoera da protagonista, greban dauden langileen borroka».

Horrelako lanari musika eransteko orduan, ez zen norabide zehatzik gogoetatu Farres: «Ez neukan plano zehatzik, edo norabide jakinik. Lehen irudiak agertu orduko, filma musikari tiraka ibili da. Istorioaren eduki sozialak, eta Eisenstein-ek jarri zion formak musika eramaten dute».

Urtebeteko lanaren uzta da, Judit Farres musikari katalanak plazaratutakoa. Baina, hainbat ahots, horrelako sorkuntza originala ikusita, DJaren lana antzerkia den ala ez galdezka ibili da: «Nire ustez lan hau bada antzerkia, baina ez da antzerkia. Antzerkiaren funtzioa sentsazioak, emozioak... komunikatzea da. Nire sorkuntzak komunikatzen du. Baina, egia da ez dela antzerki-antzerkia. Performance-a dei diezaiokegu», erantzun zien zalantzadun zeudenei. Hala, haren lanaren originaltasuna agerian utzi zuen.

Hurrengo egunetan, Baionako eta Biarrizko Translatinesek, antzerki guztien eskaintzarekin jarraituko du. Gaur eta bihar jaialdiaren unerik indartsuenak etorriko dira. Guztira, hamairu antzezlan emanen dira bi egunotan jaialdiaren barnean.

Fitxa

Data: Larunbata 20a arte.

Gaur Baionan:

18.30ean XIX taldea (Udaletxea), 21.00etan Rodrigo Garcia (Lauga), 21.00etan Enrique Diaz (antzokia), 23.00etan Chimeres taldea (Euskal Museoa).

Gaur Biarritzen: 19.00etan, Marta Galan (Colisee) eta Merci taldea (Decouvertes).

«PERFORMANCE»

Serguei Eisenstein zinegilearen 1924ko «La huelga» filme mitikoari XXI. mendeko musika jartzea. Horra Judit Farres DJak eta antzezle katalanak filmaren izen bereko performance bakoitzean proposatzen duena.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo