Goretik animazioranzko bidea egingo du Fantasiazko eta Beldurrezko Zine Asteak
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XVIII. Astea «diziplina anitzeko» ekitaldi gisa aurkeztu zuten atzo Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Nacho Vigalondoren «Los cronocrimenes» filmak emango dio hasiera asteari, eta antolatzaileek leku berezia eskainiko diete komikiei, Euskal Herrian eta erbestean ekoiztutako film laburrei eta Hideshi Hino komikilariaria, mundu osoan ezaguna. Datorren 27tik azaroaren 3ra izua nagusi izango da Donostian.
Ariane KAMIO | DONOSTIA
«Diziplina anitzeko» aste gisa definitu zuen atzo Jose Luis Rebordinos jaialdiaren zuzendariak hilaren 27tik azaroaren 3a bitarte Donostia beldurrez itoko duen zinema egitaraua. Genero horretako azpiatal nagusienetan egin diren lanik esanguratsuenak ikusgai izango dira «gorerik gogorrenetik hasi, fantasia zuritik igaro, zinema epiko, manga eta animazioko lanetara heltzeraino».
Nacho Vigalondo euskal zinemagilearen lehenengo film luzeak («Los cronocrimenes») zabalduko du Fantasiazko eta Beldurrezko XVIII. Astea eta amaiera Paco Plaza eta Jaume Balaguero zuzendarien «REC» filmak emango dio. Nolanahi ere, hasiera ekitaldi ofizialaz gain, antolatzaileek Victoria Eugenia antzokiari ere inaugurazioa egin nahi diote, eta arratsaldeko 16.30ean «Una mujer en la luna» filma emango dute Iñaki Salvadorren zuzeneko musika emanaldiak lagunduta.
Rebordinosen arabera, Antzoki Zaharra izango da aste horren ekitaldi nagusiak hartuko dituen gunea baina, «ikuskizunek askotan festen antza hartzen dutenez», Victoria Eugenia antzokia emanaldiak lasaiago ikusi nahi dituztenen gune gisa erabiltzeko asmoa azaldu zuen.
Halaber, estreinaldi ugariz gozatu ahal izango dute genero horretako zaleek. Besteren artean, «Resident Evil III», «The Tatooist» edo Olaff Ittenbanch zinemagile alemaniarraren «Dard Divorce» lana.
Film luzeez gain, laburrek ere «garrantzi berezia» izango dute. «Guretzat oso garrantzitsua da jende gazteari aukerak ematea, beraiek Zinema Aste horretan barneratzea, beren lanak ekoiztea eta inguru horretan mugiaraztea», esan zuen zuzendariak. Hartara, ehun gaztek osatutako epaimahaia izango da film laburrik onenaren saria nork irabaziko duen erabakiko duena. Kategoria horretan nazioarteko lan laburrek osatuko dute lehia, eta horien artean egongo da Koldo Almandoz zinema zuzendari euskaldunaren «Columba palumbus» lana.
Zinema baino gehiago
Filmeen emanaldiak eskaintzeaz gain, Fantasiazko eta Beldurrezko XVIII. Asteak askotariko edukiz hornitutako egitaraua gordetzen du bere baitan. Horien artean ezkutatzen dira komikigintzari zuzendutako jardunaldiak. Hideshi Hino komikilari txinatarraren erakusketa izango da Astearen apusturik garrantzitsuenetakoa Rebordinosen arabera, eta berak egindako marrazki originalak izango dira ikusgai. Horrez gain, Victoria Francesek ere erakusketa eskainiko du, eta Euskadi Fantastikoa III-ren barruan Raquel Alzate eta Jose Angel Lopetegi euskal artistak omenduko dira.
Urtero legez, aipamen berezia egingo diete film klasikoei eta «Una mujer en la luna», eta George Lucasen «THX 1138» lanak emango dituzte atal horren barruan.
Aurrez aipatutako aniztasun horren harira, hiru antzerki emanaldi izango dira, eta horietatik bi kalean antzeztuko dituzte. Morboria taldeak egingo duen ikuskizunari aipamen berezia egin dio Rebordinosek. Urriaren 27an, Astearen inaugurazio egunean, arratsaldeko 19.15ean Donostiako Okendo plazatik irtengo da ikuskizuna, Bulebarretik igaro eta Antzoki Zaharrera helduko da. «Oso kalejira ikusgarria da. Dragoiak, orgak eta zaldiak igaroko dira hiriguneko kaleetatik. Ikuskizun eskerga da benetan», adierazi zuen.
Antzoki Zaharra beste ikuskizun esanguratsu baten agertoki bilakatuko da. Azaroaren 2an, gaueko 00.30etik aurrera, «The Rocky Horror Picture Show» delakoaz gozatu ahal izango da Dramakuin taldearen zuzeneko emanaldiarekin batera. Antzokian film bat eskainiko dute eta, aldi berean, zuzeneko antzezlana egingo dute Dramakuin taldekoek. Ikusleek objektu sorta bat jasoko dute eta aktoreek antzezten dutenaren berdina irudikatu beharko dute. «Ikusleak antzezlanaren parte izan daitezela lortzen dute aktoreek. Antzoki Zaharrean, tamalez, 500 lagun inguru sartzen dira bakarrik baina joateko aukera dutenentzat denbora luzean ahaztu ezineko saioa izango da», zertzelatu zuen Rebordinosek.
Musikari ere tartea gorde diote antolatzaileek, eta zulo hori beteko dute, besteren artean, LosDelGas taldekoek. Zirkua, Marx anaiak, rock&rolla, antzerkia eta abar maite dituzte eta musika estilo desberdinak interpretatzen dituzte, errealitatea beste ikuspegi batetik begiratuta. Ildo beretik, Gorka Aginagalde euskal musikaria buru duen taldeak hainbat ekitaldi eskainiko ditu Antzoki Zaharrean. Horrez gain, urriaren 29an, Victoria Eugeniako tabernan jai bat prestatu dute Krell Donostiako taldeak lagunduta eta DJen emanaldiekin.
Abonamenduak gaur jarriko dituzte salgai Antzoki Zaharrean, eta sarrerak hilaren 22tik aurrera eskuratu ahal izango dira leku berean eta Victoria Eugenia antzokian. Internet bidez ere eskuragai daude.
Lehiaketan beldurrezko generoko azpiatal desberdinetako lanak ikusi ahal izango dira. Gustu guztiak asetzeko moduko eskaintza egin dute antolatzaileek. Horrez gain, 70eko hamarkadan AEBetan egindako zinemari zuzendutako zikloa egingo dute.
Data: Urriaren 27tik azaroaren 3ra.
Lekua: Antzoki Zaharra, Victoria Eugenia, Kursaal Auditoriuma
Antzerkia: Criaturas de la noche, Berpiztuak, The Rocky Horror Picture Show.
Como viene siendo costumbre en la Semana de Cine Fantástico y de Terror, el último día del festival los más pequeños disfrutarán de las proyecciones de «Betizu eta urrezko zintzarria», que se estrenará en primicia, y «The Horror Bus» (doblada al euskara). A la salida de este largometraje la organización repartirá un cuento realizado espresamente para la Semana que se editará en euskara y castellano. Ambas convocatorias estarán amenizadas por el grupo de teatro callejero Goloka, «con unos pequeños muertos un poco especiales», según José Luis Rebordinos, director del festival. Las dos películas se proyectarán en el Auditorio Kursaal a las 12.00 h. y 17.00 h., respectivamente.
Ariane KAMIO