GARA > Idatzia > Euskal Herria

Gazteen %8k teknologia berriekiko mendekotasuna izateko «arriskua» dauka

Bilbon eta Gasteizen egoitzak dauzkan Append enpresak egindako ikerketaren arabera, 18 eta 34 urte bitarteko gazteen % 11k merkaturatutako azken aparailu teknologikoak eskuratzeko «obsesioa» dauka.

GARA |

Jakina da gazteak izan ohi direla teknologia berriak hoberen maneiatzen dituztenak, baina kasu batzuetan zaletasun horrek mendekotasuna sor dezake. Hori da behintzat Appendek, merkatu ikerketak egiteaz arduratzen den enpresak, egin duen inkestak baieztatzen duena. Ikerketaren arabera, estatu Espainoleko gazteen %8k tekno-logia berriekiko mendekotasuna izateko «arrisku larria» dau- ka, eta %11k merkaturatutako azken gailuak eskuratzeko «obsesioa» du.

Bilbon eta Gasteizen egoitzak dauzkan enpresak egindako ikertetak azaltzen du teknologia berriekiko menpekotasuna «garrantzi handiko arazoa» izan daitekeela, eta garaiz bideratzen ez bada «belaunaldi berriengan oso eragin txarra» izan dezakeela. Gainera, azterketaren arabera gizonezko gazteek «era horretako tresnak erabiltzeko ohitura handiagoa dute».

Inkestatuen %17,3k teknologia berriei denbora gehiegi eskaintzen diela onartzen dute; %11,3k, berriz, behin edo behin bideo joko edo programa informatiko bat konpondu izana amestu duela adierazi du. Zaletasun hori are nabarmenago dago gizonezkoengan. Emakumezkoen %6,4k soilik pentsatzen du bideo joko batean nola egin dezakeen aurrera, eta gizonezkoengan, berriz, % 16,3k izaten du halako pentsamendurik. Beraz, datuen irakurketa eginda, argi dago gizonezkoek emakumezkoek baino garrantzi handia- goa ematen dietela teknologia berriei.

Hala ere, ikerketak gaineratzen du kontuan izan behar dela «tradizionalki gizonek emakumeek baino aukera gehiago» izan dituztela, baina belaunaldi berriengan ezberdintasun hori «txikiagoa» dela. Haurtzarotik telefono mugikorrak, bideo jokoak edo internet ezagutu dituzten gazteak dira gehienetan «kezkatzeko jokabideak» agertzen dituztenak.

Ondorioak

Teknologia berriekiko mendekotasunak oso ondorio larriak izan ditzake. Horrela, obsesio horrek «loezina, izaera aldaketa gogorrak izatea, kontzentrazioa galtzea, eta atseden hartu ezin izatea» eragin dezake. Gainera, mendekotasun gogor horrek lanean edo ikasketetan lan erritmoa jaistea eragin dezake. Arazo horien larritasuna zehatzago neurtzeko, Append enpresak teknologia berriekiko mendekotasun maila neurtzen duen eskala sortu du. Mendekotasun mailarik altuenean, insomnioa eta bakartasuna pairatzen dutenak egongo lirateke.

Dena den, ordenagailuak edo bideo jokoak asko erabiltzeak ez dakar nahitaez erabateko isolamendua, egun pertsona asko interneten bidez erlazionatzen baitira. Horiek hala, elkarrizketatuen %15ek aitortzen du lagunekin gehiago erlazionatzen direla telefonoz eta interneten bidez, aurrez aurre baino.

Inkestak agertzen du elkarrizketatuen %4k teknologia berriak gehiegi erabiltzen dituela, eta mendekotasun hori «izugarria» izaten dela kasuen %0,8n. Ikertzaileen arabera, teknologia berriekiko mendekotasun larri hori duten pertsonek «teknozale» izena hartzen dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo