Apurtutako bolada
Biharamun gogorra utzi zuen Tenerifeko porrotak
Ivan Cuellarri probak egingo dizkiote gaur, igandean belaunean min hartu baitzuen
Amaia U. LASAGABASTER | EIBAR
Interpretazio positiboa egiten saiatu ziren Eibarreko entrenatzailea eta jokalariak Teneriferen aurka galdu ondoren, baina igandeko porrotak biharamun nahiko gogorra utzi du.
Egia da baikortasunari eusteko hainbat arrazoi ere aurki daitezkeela. Aipatzekoa, esaterako, taldeak izandako erreakzioa; izan ere, bi gol sartzeko gai izan baitzen -markagailuari buelta emateko aukera izan zuten-, zelaian jokalari bat gutxiago zeukanean. Sailkapenak konfiantzari eustea ahalbidetzen du, gorri-urdinek oraindik sei puntuko koltxoia baitaukate.
Arrazoia daukate armaginek. Eibarrek bizi zuen bolada ona hautsi zuen, denboraldiko gol kopururik handiena jasota -aurreko zortzi jardunaldietan bost gol besterik ez zituen jaso; Tenerifek lau egin zizkien, hainbat kasutan, gainera, taldeak berak defentsan egindako opariei esker-, baina, hala ere, ez zaio neurriz kanpoko baliorik eman behar topaketari. Batez ere, talde gipuzkoarrak dagoeneko errekuperazio ahalmen azkarra duela demostratu duelako.
Gauzak horrela, partidaren ondorio latzena, benetako biharamuna, beste ildo batetik dator. Batez ere, Eibarrek datorren igandean izan ditzaken hutsuneei dagokie.
Hasteko, Javier Mandiola entrenatzaileak badaki ezin izango duela Txiki erabili, txartel gorria jaso, eta zigortuta egongo baita.
Baina nafarrarena «deskantsu aste»tzat hartuta, Ivan Cuellarren egoera da, egun, kezkagarriena. Atezainak kolpe gogorra jaso zuen hankan Teneriferen laugarren gol bihurtu zen penaltiaren jokaldian, eta ozta-ozta amaitu zuen partida.
Atzo ezin izan zuen lan egin -taldeak Tenerifen egin zuen lan-saioa, arratsaldez itzuli baitzen Euskal Herrira-, eta gaur hainbat proba egingo dizkiote medikuek. Nahiko ezkor agertu zen jokalaria bera, oso minduta baitzeukan eskuin belaunean; beraz, momentuz, zalantzan dago igandeko partidarako.
Lombraña
Zorte txarra nagusi beraz, Eibarren, batez ere ildo fisikoari dagokionez; azken deialdia betetzeko Mandiolak bigarren taldeko Larrañaga deitu behar izan zuen, sei lesionatu zituela eta.
Hala ere, lesionatu gehienak jokatzeko prest egotea espero dute gorri-urdinek. Zalantzarik handiena, ordea, Txiki Lombrañari buruzkoa da. Ekografiak lesiorik ez dagoela erakutsi arren, bizkaitarrak mina zeukan, eta ezin izan zuen azken partida jokatu. Medikuak espero du erdilaria gaur bertan taldearekin batera aritu ahal izatea, baina hori, jokalariaren osasun-egoerak berak baino ezingo du erabaki. Gaurko saioak, beraz, hainbat zalantza argitu dezake.
Hurrengo partida
Bestetik, Eibarrek atzo jakinarazi zuen, hurrengo jardunaldiko partida, Salamancaren aurkakoa, igandean 17.00etan jokatuko dela.