GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Asto txirularia Txinara begira

Litekeena da, asto txirulariari gertatu zitzaion bezalatsu, azkenean hausnarketarik (?) zorrotzena «The Sun» paregabearena izatea. Izan ere, gaur zortzi, munduko sinologo guztiak «gaiari», Txinako Alderdi Komunistaren XVII. Kongresuaren emaitzei zukuak atera nahian ernegatzen ari ziren bitartean, egunkariri horrek Vince Mattingley-ren kasua zekarren bere orrialdeetara: hogeitasei urtez, ingeles peto honek, bi herensuge ikusgarrirekin batera, bere bularrean tatuaturik eraman du, ustez, bere izena ideograma txinatarretan idatzia. Baina mende laurdenaren bueltan eta Tailandiara egin berri duen bisitaldian, hangoren baten laguntzaz, jakin omen duelako bularreko tatuaje horretan ez duela bere izena ipintzen, baizik... Coca Cola. Gogoeta egiteko aukerarik ematen du, ez didazue ukatuko.

Halaber, XVII. Kongresuak aukeratu berri duen Komite Zentralari, eta batez ere beronetatik eratorri den Bulego Politikoari, eta are gehiago azken honen gailurra osatzen duten bederatzi aurpegi irribarretsu-pottoloei begira egiten diren hausnarketak adituta, egia esan, kosta egiten da Mattingleyri sartu zioten ziriaz ez oroitzea. Ez ote gara ari «irakurtzen» ez dakigun «izkribu» bat interpretatzen? Horren garrantzitsua ote da, adibidez, buruzagitza «berriaren» baitan Xi Jinping seigarren lekuan eta Li Keqiang zazpigarrenean izendatzen direla ohartaraztea, hemendik bost urtetara lehena zein izango den aurresateko? Edota benetan aintzakotzat hartu behar ote genuke bi «izar gazte» hauen gorakada paraleloak adieraziko lukeela txinatar sistema hermetikoaren gorenean etendura bat legokeela, Li bezala Gazteria Komunistaren aparatutik datozen arduradunen eta Xi bezalako taizi-dang edo «printze gorrien» artean? Edota norgehiagoka Hu Jintao egungo lehendakariaren jarraitzaileen eta Jian Zeming aurrekoaren artekoa dela? Edota auzia Shangaiko klana eta Tsinghua unibertsitatekoen artean legokeela?

Gai ez naizen astakeriatan sartu gabe, ziur samar «irakurtzen» dakidanean geratuko nintzateke ni. Alde batetik, kontuak oker atera ez baditut, oraingo hau dela Txinako Alderdi Komunistak 50ko hamarkadaz geroztik eduki duen zuzendaritza-talde gazteena. Eta bestetik, gorenera iritsi diren beste biak, He Guoqiang eta Zhou Yongkang, bi polizia» direla: Partiduaren zaintza-arduraduna lehena eta Barne Segurtasun ministroa bestea.

Zerbait adierazten du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo