Amaia Arrieta Iruñeko Joaquín Maya Musika Eskolako ikasle baten ama
Espainolez ikastera behartuak
Azken hamar urteotan Iruñeko Joaquin Maya Musika Eskolak euskarazko irakaskuntza eskariari erantzuna eman dio. Musika Lengoaia deritzon ikasgaia euskaraz ikasi nahi izan duten ikasleei euskarazko irakaskuntzarekin erantzun die. Aurten, ordea, 100 ikasle espainolez ikastera behartu ditu.
Gurasoak ohartuta ez bageunden ere, Musika Eskolak ez du, legez, euskaraz irakasteko soslairik. Orain arteko eskariari emandako erantzuna bertako profesionalek bere borondatez eskainitakoa da. Aurten ez dute horretarako aukerarik, izandako kontratazioek ez baitute hizkuntz soslaia aintzat hartu.
Musika Eskolan irakaskuntza euskaraz jaso nahi duten haurren kopurua handitu da urterik urte. Aurten 250etik gora dira, gure datuen arabera, eskolak euskaraz jaso nahi dituztela adierazi duten haurrak (%40tik gora). Horietatik 166k bakarrik jasotzen dute Musika Lengoaia gure hizkuntzan.
Azken urteotan behin eta berriz jakin arazi dio ikastetxeko zuzendaritzak Udaleko arduradunari euskarazko eskaria handituz zihoala eta legea egokitu beharra zegoela irakasle euskaldunak kontratatzeko. Zuzendariak berak gurasooi adierazi digunez «arazoa borondate politikoa da». Hots, azken urteotako arduradun politikoek -Maite Mur eta José Iribas (UPN)- ez dituztela aintzat hartu nahi izan beraien ohartarazpenak.
Irailean hitz politak agindu zizkigun Jose Iribas jaunak. Afera udal bilkuran agertu zenean, ordea, bere benetako aurpegia erakutsi eta gure seme-alaben kontura barre egin digu. Torrens jaunaren udal taldea (PSN) lagun izan dute bide horretan.
Gaur, 2007ko urriaren amaieran, gure seme-alabak espainolez ikastera behartuta daude, gu guztion borondatearen aurka.