«Oholtza gainean lotsa guztia galtzen dut, batzuetan gehiegi ere »
Musikaria
Etxeko uzta bildu eta isilean izan dugu bost urtez Berako gitarra jotzaile eta kantaria. «On» (Gaztelupeko Hotsak, 2007) plazaratu berri du orain, berriro martxa onean den seinale. Pettiren bakarkako laugarren lanari Bidasoako bluesa dario.
Anartz BILBAO | BILBO
Musika bizi du Pettik. Herabe, Berako gizon puskak ezinbestekoa du kantuak sortzea, eta bost urteko isilunearen ondoren, «On» laugarren bakarkako lana plazaratu berri du.
Garai gogorrak bizi izan omen dituzu bost urte hauetan.
Bai, hala da. Baina badirudi hori erranda biktimarena egiten ari naizela. Tarte horretan musika aparte utzi nuen, eta orain berriz ere gogotsu bueltatzen gara.
Bost urte kanturik sortu gabe?
Etxean beti egin ditut kantuak. Etxean maketatu, ordenagailuan gorde, eta gero aukeraketa egiten dut diskoa grabatzeko. Aparte, Anarirekin egin genuen diskoa, baita Lauaxetaren omenaldian Rafak (Rueda) antolatutako lana edo aurreko urteko «Hauxe» egitasmoa ere. Guztiz geldirik ere ez naiz egon, baina bai bakarkako diskoekin.
Orain lan berria aurkeztu duzu. Ondo zauden seinale?
«Etxeko Uzta»rekin grabatu genuenean baziren kantu batzuk aukeratzeko, eta hauek aparte utzi nituen. Kantu gehienek bi edo hiru urte dituzte. Banituen etxeko ordenagailuan maketatuta, eta disko honetan grabatzeko aukeratu genituen. Une egokia iruditu zait argitaratzeko, ondo nagoen seinale.
Zergatik «On»?
Berriz martxan jarri naizelakotz, ingelesetik hartu dut «on». Diskoa bukatuta zegoenean disko ona zela iruditu zitzaidan, eta hagitz kontent naiz.
Zer dugu lan honetan?
Nire diskarik blueseroena da. Bluesa eta soula ditu, country kanta pare bat, kantu rockero bat ere bada... Aurreko diskoetan grabatu dudanaren estilo nahasketa bat izan da. Instrumentazio aldetik eta, Rafaren ekoizpenak mamituta eta ongi landuta dagoela uste dut.
Banda berria elkartu duzu...
«Hauxe» elkarrekin grabatu ondotik hurbildu ginen disko berrian gauden musikariok; hasteko giro ona dagoelakotz eta lan egiteko moduarengatik. Ekainek (bateria) eta Davidek (baxua) «Hauxe»n parte hartu zuten. Beratik, Joseba Irazoki da hasierako taldetik dagoen musikari bakarra, gitarra joz. Eta azkenik Arkaitz Miner, diskoa pixka bat janzteko.
...eta makina bat lagunez inguratu zara.
Beñardo lagunak disko guztietan parte hartu du. Estitxu nire lehengusina da, Berakoa, eta hagitz ondo kantatzen du. Montoiak aurreko diskoan ere kolaboratu zuen. Anjerekin suertatu ginen jotzen behin edo bitan, eta elkarrekin zerbait egiteko aukera ikusi genuen. Hurbileko sentitzen ditut gehienak.
Kantatzen duzuna bizi edo sinetsi beharra duzu?
Beharra da, bai. Hitzekin identifikatuta sentitzen baldin bazara lana hobeto aterako da. Kantuek indar handiagoa hartzen dute hitzek gauza bat edo bertzea esaten dutenean. Bertzeen hitzak gehien sartu ditudan diskoa da hau, nireak hagitzez txarragoak iruditzen zaizkidalako.
Nola garatzen dituzu kantuak?
Normalean nik kantua prestatzen dut etxean, bateria programatuak eta baxuak sartzen dizkiot, gitarra, harmonika... Kanta osorik egiten dut, musikariek ideia har dezaten. Gero musikariekin lokalean kantak prestatu, aldatu behar dena aldatu... kantuak eskatzen duena.
«Lana bukatuta zegoenean disko ona iruditu zitzaidan, eta gainera ingelesetik `on' hartu dut, berriz martxan naizelakotz»
«Hitzekin identifikatuta sentitzen baldin bazara lana hobeto aterako da, eta kantuek indar handiagoa hartzen dute»
Indar ikaragarria oholtzan, lotsatia karrikan.
Lotsatia naiz, baina eszenatoki gainean hori guztia burutik kendu behar duzu. Oholtza gainean bai, lotsa hori guztia kentzen dut... batzuetan gehiegi ere! (kar, kar, kar).
Nik jendearekin suelto edo lasai hitz egiteko konfiantza behar dut. Musikarekin, hitz eginez ezin duzuna ateratzen duzu, kaka guztia horrela ateratzen duzu. Indarra, ziur asko hori izanen da.
Zer da musika zuretzat?
Ezinbestekoa. Ez dut neure burua ikusten musikarik gabe. Beharrezkoa dut. Zuzenean jotzea beste kontu bat da, baina kantuak egiteak garrantzi handia du niretzat.
Entzun, adibidez, denetarik entzuten dut. Madonnaren disko bat, Wagnerrena edo Bellraysena. Momentuaren arabera, gauza lasaiak edo gauza kañeroak, denetarik.
Eta hitzak lantzeko, zer irakurri?
Ez naiz kriston irakurlea, baina gustatzen zait irakurtzea. Gehienbat Euskal Herriko liburuak. Poesia eta... denetik, ez aunitz, ez guti ere.
Hitzei dagokienez, nik pila dauzkat eginda, baina kaka hutsa iruditzen zaizkit. Nahiago dut nire kantuetarako besteen hitzak hartzea.
A. B.