GARA > Idatzia > Irrati-telebista

Formatu arinagoan itzuli dira «Irauli Uhinak»-eko gazteak

Ohiko bizitasunez baina formatu arinagoan itzuli da irratira Gaztesareak ekoizten duen «Irauli Uhinak» saioa. Aurrerantzean, astearen errepasoa bertso bidez ere egingo dute eta, batez ere, gazte sortzaileengan eta komunikazio proiektuetan jarriko dute begia.

Amalur ARTOLA | DONOSTIA

Sarean ez ezik, dozena bat irrati libretan ere ematen dute Gaztesareak ekoizten duen «Irauli Uhinak» saioa. Gazteengan eragina duten gaiak izan ohi dituzte mintzagai, eta hemendik aurrera, saioan hainbat berrikuntza izango direla iragarri dute. Agin Rezolak, saioko hiru esatarietako batek, ikasturte berrian umoreari tarte gehixeago ematearen aldeko apustua egin dutela azaldu du: «Irrati libre askotan egiten den akatsetako bat, saioak informazio askoz betetzea da, kargatu egiten dira eta ez dira erraz entzutekoak izaten». Hartara, «magazine itxura» eman nahi izan diote «Irauli Uhinak»-i eta, hainbat mintzagai hartu beharrean, gai bakarraren inguruan arituko dira: «Oso bloke markatuak genituen eta egin nahi duguna da hasierako zatian hartzen den hariari segitu eta gainontzeko atalak horri gehitu».

Atal horien artean, ohiko «Izarapeko Aholkuak» eta «Musikale» gisakoen ondotik berriak ere ekarri dituzte, «Bertso Kronika» esaterako. Hamaika Bertute taldeko kideek astearen irakurketa egingo dute lauzpabost bertsotan, txandaka. Asteroko errepaso hori Gaztesareako informazio taldearekin egindako konexioarekin osatuko dute.

Saioro azalduko den beste atal bat sukaldaritza praktikoari eskainiko diote; ikasketak tarteko, astean zehar ikasle pisuetan bizi diren gazteek errezeta errazak ikasi ahal izango dituzte sukaldari baten eskutik.

Atal finkoez gainera, noizbehinkakoak ere emango dira «Irauli Uhinak»-en. Rezolak, gazte sortzaileak eta komunikazio proiektu berriak ezagutu eta horiek irratira eraman nahi dituztela azaldu du, «egiten dutena konta dezaten», eta ohi bezala, aurtengo denboraldian ere elkarte eta eragileek lekua izango dutela azaldu du.

Entzuleen parte hartzeari begira, «Izarapeko Aholkuak»-en bidez sexu zalantzak argitzen jarraituko dutela eta «Bertso artean» jolasak -bertsoa eman entzuleek egilea nor den asma dezaten- ere jarraituko duela adierazi du. Era berean, saioan parte hartu, nola edo hala lagundu edota proposamenak egin nahi dituen orori beren helbide elektronikora (irauliuhinak@gaztesarea.net) idazteko gonbita egiten diote.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo