GARA > Idatzia > Euskal Herria

EAJ da Hernanin jazotako istiluen erantzule, Batasunaren esanetan

Batasunak argi du Hernanin larunbatean gertatutako istiluen «erantzuleak» Ibarretxe eta Balza direla. Jarrera horren atzean «PSOEri erakutsi nahi dion leialtasuna» dagoela nabarmendu zuen atzo. Alta, EAJk «PSOErekin Estatutuaren erreforma xede duen ituna lortzeko bidean ezker abertzalearen aurka borrero lana» egiten duen bitartean, ezker abertzaleak bere lan politikoa egiten jarraituko duela berretsi zuen.

p014_f02_222x222.jpg

GARA |

Larunbatean Hernaniko amnistiaren aldeko mugimenduak deitutako ekitaldia Lakuako Gobernuak galarazi ostean, herritarren eta Ertzaintzaren artean jazotako «istiluen erantzuleak» Juan Jose Ibarretxe eta Javier Balza direla argi zuen Batasunak. Hala, Balzaren agindupeko Poliziak erakutsitako jarrera «biolentoa» gogor salatu zuen alderdi abertzaleak.

Gertakari hauekin, EAJk «bere benetako aurpegia» erakutsi duela azaldu zuen prentsa adierazpenean. Gainera, lehendakaria lau haizetara zabaltzen ari den proposamenaren «benetako oinarria» agerian utzi duela uste du: «Konstituzio espainolaren agindupean aritu eta herri honen eskubideen kontra egin».

Hogei urteko historia duen ekitaldia zapuzteko agindu politikoa eman izana, EAJk PSOEri «erakutsi nahi dion leialtasunaren seinale» dela azaldu zuen Batasunak. Horretaz gain, jarrera horrek Imazen alderdiak PSOErekin hitzartu nahi duen akordioari erantzuten diola nabarmendu zuen. Akordio hori, «Estatutuaren erreforma hutsa» izango dela ere adierazi zuen Batasunak, eta gainera, akordioa gauzatuz gero, Euskal Herriaren independentziari ate guztiak itxiko zaizkiola ziurtatu zuen.

Alta, alderdi abertzalearen aburuz, EAJk PSOErekin ituna eskuratzea helburu duen bitartean, «mozorro abertzalea soinean jantzi eta ezker abertzalearen aurka gogor» ekingo dio. Horixe da, Batasunaren ustez, alderdi jeltzaleak «herri honi eskaintzeko duena».

Indar independentistak, ostera, ez du besoak gurutzatuta eta zerura begira gelditzeko inolako asmorik. Alde horretatik, alderdi jeltzaleak «borrero lana» egiten duen bitartean, ezker abertzaleak bere lan politikoa aurrera eramango duela berretsi zuen; «marko demokratikorako proposamena herriz herri zabalduz eta ezker abertzalearen proiektu politikoa gaurdanik landuz», gaineratu zuen.

Atxilotuak aske dira

Bien bitartean, larunbatean «Ertzaintzari eraso egin izana» leporatuta Hernanin atxilotutako lau pertsonak aske gelditu ziren larunbat arratsean bertan. Dena dela, Lakuako Barne Saileko iturriek informazio agentziei azaldutakoaren arabera, lau lagun hauek datozen egunetan agintaritza judizialaren aurrean agertu beharko dira.

Askatasunak larunbatean bertan GARAri esandakoaren arabera, ordea, Ertzaintzak «terrorismoa goratzea» leporatuta auzia Auzitegi Nazional espainolera eramatea ebatzi du.

Larunbatean jazotako gertakariek hautsak harrotu dituzte Hernaniko bizilagunen artean; atzo ilunabarrean, 300 lagunek Ertzaintzak erakutsitako jarrera salatzeko manifestaldia egin zuten arratsaldean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo