GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

«Euskal herria mugaz gaindi» mintegia

Gure aztarnen bilaketa ase ezinaren lekuko argia

Ikertzaileen berariazko jakinminari, jatorria, identitatea edota herriarekiko lotura gehitzen zaizkionean, mundu zabalean utzitako aztarnen atzetik aritzeko joera nabarmen areagotzen da. Egunotan Baionan eta Uztaritzen egindako «Euskal Herria mugaz gaindi» mintegia izan da horren lekuko argia.

p002_f01-250x136.jpg

Arantxa MANTEROLA

Bezperatik ari ziren hamaika eremutan ikertzaileek egindako azterketa mamitsuak adi-adi entzuten. Lehen begiratuan askok ariketa aspergarritzat hartuko lukeena interesgarri bilakatzeko, ordea, ez zen aditua izan beharrik. Izan ere, Uztaritzen jorratutako gaiak hain ziren askotarikoak, aski zela arreta apur bat eskaintzea, laster batean «harrapatuta» gelditzeko. Txosten edo azterketa bakoitza azaltzeko denbora laburra izateak ere lagundu zuen, nahiz eta zenbaitetan gehiago jakiteko gogoz geratu.

Txosten gehienak ikerketan bide luzea egin dutenek aurkeztu zituzten, baina ikertzaile gazteek ere tarte berezia izan zuten. Horrela, Haizpea Abrisketak, Maite Iturrek eta Agustin Egañak berea azaltzeko aukera izan zuten, aurkezleak hau argi utzi ostean: «etorkizunaren iragarle diren heinean, eskarmentu gutxiago izateak ez diela ezertan interesa urritzen».

Hirukote gaztearen lehen azalpenak Haizpea Abrisketarenak izan ziren. Hogeita bederatzi urteko urruñarra, euskal ikasketetan doktoregaia da Bordeleko Unibertsitatean , eta bere azterketa Kubako independentzia gerran, armada espainiarraren zerbitzura hildako euskaldunei buruzkoa da.

Argitu zuenez, ikerketarako oinarriak finkatzeko saiakera da berea. XIX.mende amaieran, garaiko Konstituzio espainolak behartuta «ezagutzen ez zuten herri baten aurka borrokatzera eramanak» izan zirenen artean milaka euskal herritar zeuden. Horietatik, «berea ez zen herri baten zerbitzura asko hil ziren, eta egun, ez dakigu nortzuk ziren ere, beren memoria galdu egin baita». Lau urte iraun zuen gerra horretan zenbat euskal herritarrek galdu zuten bizia jakitea ez da erraza. Iturri batzuen arabera 1.760 (Raul Izquierdo). Abrisketak berak egindako lehen araketaren arabera, berriz, 2.000 baino gehiago dira.

Datu fidagarrien bila

Bi iturri hartu ditu oinarritzat ikertzaile gazteak: Kubako hilerrietan ehortzitako euskaldunen zentsua, eta egunkari ofizialetan argitaratutako hildako soldaduen zerrendak. Bi iturri horietatik «datu zehatzak eta zientifikoki frogagarriak» eskuratzea, ordea, lan izugarria da, askotan ez baitatoz bat, ez kopuruan, ez izenetan, ez datetan ez eta jatorrian edota hil ziren lekuan ere.

Horrenbestez, datu bilketan galdera berriak sortzen direla ikusiz, ikerketan sakontzeko oinarri batzuk finkatu ditu Haizpea Abrisketak, hots, soldadu horien kokapen historikoa eta soziala - zein eskualdetan ibili ziren Kuban, zein unetan iritsi ziren irlara, nondik abiatuta...- kontuan hartu beharko dutenak. Bere esanetan, datu fidagarriak eta egiaztagarriak lortzeko pista batzuk zehaztu besterik ez du egin. «Lan guztia egiteke dago», gaineratu zuen azalpenaren amaieran; hori bai, aldez aurretik «irabazteko ezer ez zutenen eta dena galdu zutenen memoria berreskuratzeko» ahaleginean jarraitzeko grina erakutsita.

Maite Iturrek hartu zuen ikertzaile gazteen azalpenaren bigarren txanda. Brasilen sortua eta Argentinan hezia, orain urte gutxi bere arbasoen herrira etorri zen. Euskaldun berria, Politika zientzietan lizentziatua eta nazioarteko harremanetan irakaslea da EHUko Leioako fakultatean. Latinoamerikan energiaren geopolitikaz prestatzen ari den tesiaren zati bat aurkeztu zuen mintegian. Zehazki, Boliviako gas-baliabideak izan zituen hizpide.

Duela bi urte eskas hedabideetan horrenbeste sona izan zuten «gasaren matxinadak, ikur bat, leit motiv bat» besterik ez zirela izan zioen Iturrek. Aspaldiko borroka edo egoera gatazkatsuaren haritik datorren ondorio ia logiko bat.

Hori frogatzearren, atzera egin zuen eta kolonizazio garaian bertakoek -quechua eta aymara indiarrek- pairatutako jazarpena aipatu zuen, Simon Bolivarrek herrialdea Espainiako koroatik libratu zuenean, geratuko ez zena bestalde. Orduan, elite mestizo eta krioiloena jasan beharko baitzuten. Txilerekin eta Perurekin izandako gerra traumatikoak -itsasorako irteera galduarazi zionak-; Paraguairekin irteera hori berreskuratzeko (lortu ez zuena) izandakoa; eztainu eta zilarrezko meatzaritzaren inguruan sortutako langile-klasearen egoera larria ekarri zituen gogora hogeita zazpi urteko ikertzaileak.

«Borrokarako kultura»

1952ko iraultzaraino ez zitzaien indiarrei hiritartasuna eta boto eskubidea aitortu. Baina ondoren ere, herritarren eta armaden arteko liskarrak etengabeak izan zirela nabarmendu zuen Iturrek. 1980tik goiti egindako «trantsizio korapilatsuak», militarren etengabeko estatu kolpeek, Estatu Batuen interbentzionismoak eta «neoliberalismoa ezartzeko egindako laborategiko entseguak» betidanik eragin dute, bere esanetan, «borrokarako kultura present izatea». Meategien pribatizazioa, halere, kolpe handia izan zen langileen bizi baldintzentzat (gehiengoa indiarrak orain ere), eta «faktore bultzatzaile» horiek guztiak, indigenak botere alternatiboa bilakatu izana, eta kanpo-zapalkuntza, «faktore artikulatzaileak» bihurtu ziren matxinada pizteko.

Iturreren ustez, Boliviako egungo sistema politikoan ere, energia baliabide naturalen kontrolak «ahulgunea» izaten jarraitzen du. Horregatik adierazi zuen aspalditik zeto-rren kontua izan zela duela bi urte Evo Morales presidentearen agintepean gertatutako matxinada.

Oso bestelako gaia izan zen ikertzaile gazteen saioa ixteko Agustin Egañak aurkeztu zuena. Hiruretan gazteena (24 urte), ekonomia kontuak ikertu ditu, historia ikasketak egin ostean antropologia ikasten ari den bilbotarrak.

XVIII.mendean Amerikarekin egiten zen merkataritzaren errentagarritasunak eragindako saiakera baten berri eman zien entzuleei: Bilbo eta Buenos Airesen arteko merkataritza bidea ireki nahi zuen «konpainia pribilegiatu» baten sorrera, alegia. Ahalegina, alabaina, bere horretan geratu zen, ez baitzen inoiz gauzatu.

Egañak Bizkaiko Foru Artxibategia arakatu ostean, porrot horren nondik norakoak azaldu zituen. Garaiko testuingurua ulertze aldera, XVI.mendetik Sevillako portuaren eta, gerora Cadizekoaren «erabateko monopolioa» kontuan hartu behar dela adierazi zuen: «Espainiako erresumara eta Europako gainerako herrialdeetara bideratzen ziren gai eta merkantzia guztiak Cadizetik igarotzen ziren. Koroarentzat, noski, berebiziko abantaila zen, izan ere, onura eta zerga guztiak han zentralizatzen zituen».

Andaluziako portutik pasatzenn zen zama handiegia bilakatu zela-eta, erreforma bati ekin zion aipatu «konpainia pribilegiatuak» sorrerak baimenduz. Horrela sortu zen, 1728an, Pasaia-Caracas konpainia.

Bilbokoak, ordea, ez zuen lortuko. Egañak ikertutakoaren arabera, hainbat faktorek eragin zuten porrota. Hasteko, Bizkaiko Foru Aldujndiaren egituraketak berak. Erabakiak hartzeko garaian, Bilbok indar txikia zuen, Bizkaiko zenbait eskualdek, esaterako Enkarterriek, baino txikiagoa. Herri askok osatzen zuten, eta agirietan aurkitu duenez, eskualde hori erabat kontra agertu zen. Beraz, egitasmoak ez zuen erakundearen babesik jaso. Ez zen hori izan oztopo bakarra.

Foruek aitortzen zituzten pribilegioen inguruko eztabaidaren -gerora gerla eragingo zuenak- aurrekaritzat har daitezkeenak ere kontuan hartu behar dira, Agustin Egañaren aburuz. Bizkaian eta Gipuzkoan itsas portuetan sartzeagatik ez ziren zergak ordaintzen, Gaztela aldera igarotzerakoan kitatu behar ziren soilik. Hori, noski, ez zen Koroaren gustuko, era horretan hark ez baitzuen onurarik jasoko.

Berria diputatua ere, aurka

Gorteetan Peruko merkataritzaren ardura zuen Juan de Berria diputatua proiektuaren aurka zegoen. Konpainia sortzea «erabat kaltegarria» izango zela esan zuen. Diputatuak Liman zituen negozioetan izan zezakeen eraginaren beldur ez ote zen susmoa agertu zuen ikertzaileak.

«La Gaceta de Madrid» egunkariak Caracaseko konpainiak kakaoaren prezio igoeraren arduradun egin izanak, ez zuen ez, batere lagundu Bilbo-Buenos Aires egitasmoa. Caracasekoak metropoliari ekartzen zizkion onurak goraipatuz erantzuna eman bazuen ere, ez zuen eragin handirik izan. Oztopoen zama handiegia bilakatu zen eta asmoak bere horretan geratu behar izan zuen: Bilbo-Buenos Aires konpainia ez zen sekula eratu.

Gaien aniztasuna agerian utzi zuten hiru ikertzaile gazteek laburki azaldutako ponentziek. Gazteen jakinmina eta ikasteko grina agerian geratu ziren. Baina, aldi berean, Euskal Herriarekin zerikusia duten gaietan, bide berriak jorratzeko nahia azaleratu zen, jakinduria metatu eta transmitzeko xedearekin egindako Uztaritzeko topaketan. Bertaratutakoen gozamena ikusita, datorren urtekoak noiz iritsiko zain geratu ziren.

Eusko sareak jarritako blogean zuzenean jarraitu zen mintegia

Laugarren aldiz egin da «Euskal Herria Mugaz Gaindi» mintegia.

Lehenenengo biak Gasteizen izan ziren, eta joan den urtekoa, berriz, Montevideon (Uruguay) egin zuten. Aurten, berriz Euskal Herrian egin dute, Baionan eta Uztaritzen. Eusko Ikaskuntzak eta Paueko Unibertsitateak antolatu dute, EKEren eta Kontseilu Nagusiaren laguntzarekin. Aurten gainera, Eusko Sareak blog berezia ezarri zuen, bi egun iraun duten jardunaldi hauek herritarrak zuzenean jarraitzeko aukera izan zezan. «Emigrazioa eta kultura», «Emigrazioa eta politika» eta «Itzulera» gaien inguruan, guztira 25 bat ponentzia aurkeztu dituzte. A. M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo