GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aralar: «Su-etena jada ez litzateke sinesgarria»

Aralarrek jaia antolatu zuen atzo Berriozarren, eta han Patxi Zabaletak adierazi zuen dagoeneko ez dela posible Argeleko elkarrizketen, Lizarra-Garaziko Itunaren edota azken hilabeteetako prozesuaren oinarrian egon den eskema.

p015_f02_097x100.jpg

GARA |

«Dagoeneko ez da posible halako prozesu bat aurrera eramatea», azaldu zien komunikabi-deetako ordezkariei Aralarren koordinatzaile nagusiak. Eta jarrera hori argudiatzearren, honakoa bota zuen: «Ez da posible, ETA erakundeak sinesgarritasun falta duelako, hitz egin beharko luketenen artean konfiantzarik ez dagoelako, eta ETAren jardunarentzat behin-betiko irtenbidea behar delako».

Patxi Zabaletak bere alderdiak Berriozarren antolatutako jaian hartu zuen parte, hainbat militante eta jarraitzaileren babesarekin. Kazetariei egindako adierazpenetan, erakunde armatuak bere ekintzak berriro etengo balitu ez litzatekeela sinesgarria izango esan zuen. Horregatik, hemendik aurrera Aralarrek ez duela su-etenik eskatuko azaldu zuen. «Hainbatetan eskatu dugu hori, baina orain ez da horretarako sasoia. Hemendik aurrera, borroka armatua behin-betiko amai dadila aldarrikatuko dugu», gaineratu zuen.

Horrenbestez, honako ondorioa plazaratu zuen: dagoeneko, ETAk eta Gobernu espainolak 1989an Argelen izandako elkarrizketaren eskemak ez du balio, ezta Lizarra-Garaziko Akordioak oinarrian izan zuenak ere; are gehiago, azken negoziazio prozesuaren tankerakoak ere ez liratekeela baliagarri izango agertu zuen Zabaletak.

Aralarreko buruzagiaren arabera, ETAren ekintza armatuen amaiera ekarriko luketen «beharrezko baldintzak» osatzen ari dira, baina onartu zuen «azkenean, beti elkarrizketara jo beharra» izango dela. Zertarako? Biktimen auziaren gainean hitz egiteko, preso politikoen egoera konpontzeko edota erakunde armatuaren egitura militarra «desegiteko».

Martxora begira jarrita

Zabaletak ez zuen Euskal Herriko gatazka politiko eta armatua soilik izan hizpide. Kongresu espainolerako martxoan izango diren hauteskundeen gainean ere jardun zuen, eta «ziurtasun osoa» agertu zuen berriz ere Aralarrek, EAk, EAJk eta Batzarrek orain dela lau urteko formula bera baliatuko dutela hautestontzietara joateko: Nafarroa Bai. Orduan eserleku bat lortu zuten Parlamentu espainolean, Uxue Barkosek hartu zuena.

Nafarroari begira, gauzak nahiko argi dauzka Aralarrek, eta Zabaletaren hitzen arabera, EAEn ere koalizioren bat osatzeko lanean ari da alderdia: «Batzuekin eta besteekin hizketan ari gara, bai Ezker Batuarekin bai beste indar politiko batzuekin ere. Formula ezberdinak egon daitezke, oraindik guztiz zehaztu gabekoak».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo